Genero arrakala. Emakunderen txostena

Soldata arrakala handiagoa da andreak gehiengo diren lanbideetan

Lan merkatuko genero arrakala aztertu du Emakundek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gizonen eta emakumeen arteko ordainen arteko aldea %24 da gaur egun

Emakume batzuk ordenagailuaren aurrean lanean, Wolters Kluver enpresan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gizonen eta emakumeen arteko soldaten arteko ezberdintasuna are handiagoa da lanbidea feminizatuagoa den heinean. Hau da: lanbide batean emakumeen kopurua handitzen den aldiro egiten du gora gizonekin duten soldata aldeak ere, eta progresiboki handitzen da, gainera. Ondorio horretara iritsi da Emakunde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuan dagoen genero arrakala aztertu ondoren. Andreen eta gizonen arteko soldata diferentzia %24 da oraindik ere, nahiz eta 2017an gehiago handitu ziren emakumeen soldatak gizonezkoenak baino.

Sara de la Rica Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia katedradunak izan du azterlana egiteko ardura. Harekin batera aritu dira Lucia Gorijon eta Ainhoa Vega ikerlariek ere. Txostena osatzeko oinarri izan dute 2016ko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta. Atzo aurkeztu zuten ikerketa, Gasteizen.

Ikerketa, hala ere, iazko azaroan martxan jarritako plan estrategikoari lotuta egin da, soldata arrakala murrizteko aurkeztutako bide orriaren barruan. Helburutzat jarri zuten orduan 2030. urterako ordainen arteko ezberdintasuna Europako apalenen artean ezartzea. Horretarako, 283 milioi bideratuko zituela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta tartean, enpresetan ikuskapenak egingo zituela ere iragarri zuen.

Hiru arrakala mota

Lan merkatuko genero arrakala neurtzeko unean, hiru arlotan banatu dute ikerketa. Izan ere, soldata arrakalaz gain, «beste arrakala batzuk» ere badaude, Sara se la Rica ikertzailearen hitzetan. Laneratzeko aukera da horietako bat, eta esparru horretan gertatzen da aurreneko diferentzia: ordainpeko lanean ari diren gizonak gehiago dira emakumeak baino. Aldeak nabarmen egin du behera azken urteetan, halere: hamar puntu jaitsi da 2008. urtetik, zehazki. Egun, %7koa da koska.

Aldaketa horretan eragin nabarmena izan du hezkuntzak. Izan ere, ikasketa maila handiagoa den heinean, sexuaren araberako desberdintasuna nabarmen txikitzen da. «Unibertsitate edota lanbide heziketako ikasketei erreparatzen badiegu, egun ez dago ia desberdintasunik». Bada, De la Ricak azpimarratu du andreei lan munduratzzea erraztu diela ikasketa mailak handitzeko egindako «ahalegin handiak».

Bigarren desberdintasuna ordu kopuruari dagokio. Andreek, batez beste, bost ordu gutxiago egiten dute lan astean, eta, beraz, gutxiago kobratzen dute. Baina zergatik? Ikerketaren arabera, lanean dauden hiru emakumetik batek lanaldi partzialeko kontratua dauka; aldiz, gizonen kasuan, ehunetik zazpik soilik. Emakumeen dagokionez, baina, ez dira borondatez ari lanaldi murriztuan, zaintza lanen ardura dutelako baizik. Eta hori da arrakala eragiten duen faktoreetako bat, De la Ricaren iritziz. «Emakumeek eta gizonek ordu kopuru bera egingo balute lan, %11 litzateke ordainen arteko diferentzia».

Koska txikiagoa izanagatik ere, nabarmena litzateke oraindik aldea soldatari dagokionez. Izan ere, soldatak txikiagoak dira emakume gehiago dauden lanbideetan, eta progresiboki egiten du gora lanbidean andreen kopurua hazten den heinean: gero eta emakume gehiago egon, orduan eta handiagoa da soldata diferentzia.

Hain zuzen, soldata arrakala eragilerik nabarmenena da sexu araberako bereizketa okupazionala, De la Ricak azaldu duenez. Etxeko langileak eta eraikuntza dira alde banatan dauden bi alorrak: lehenengoan emakumeak dira ia denak; bigarrengoan denak dira gizonezkoak. Soldatak handiagoak dira, halere, gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua duten lanbideetan.

Egun, hileko soldatari dagokionez, gizonezkoek emakumezkoek baino %24 gehiago irabazten dute lanaren ordainetan, batez beste. Orduko irabazietan dagoen aldea, aldiz, %11koa da. Hots, lan egiten duten ordu bakoitzeko %11 gehiago irabazten dute gizonek andreek baino. Hor dago hirugarren desberdintasuna.

Kasu horietan hezkuntzak ere zeresan handia du. Izan ere, orduko soldata arrakala handiagoa litzateke baldin eta emakumeek ez balituzkete gizonek baino goragoko ikasketarik eskuratuko: ordainen arteko aldea, %11tik %14,7ra igaroko litzateke, ikerlarien arabera. Hau da, hezkuntza maila handiagoa den heinean, lanean emandako orduen araberako soldata arrakala are eta txikiagoa da.

Hala ere, bada gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala arrazoitu ezin duen zenbateko bat. De la Ricak nabarmendu du «diskriminazio zuzena» dela horren atzean dagoena; izan ere, «zuzeneko diskriminazioa ez da behatu daitekeen den datu bat».

Curriculum anonimoak

Soldata ezberdintasunari aurre egiteko hainbat neurri proposatu ditu ikerlariak. Alde batetik, funtsezkoa da, haren ustetan, emakumeen lan merkatuko parte hartzea handitzeko neurriak hartzea. Horretarako, iradoki du lan kontratu partzialak lanaldi osokoak izatera igarotzea, baita sexuaren araberako ordu kopurua arrazionalizatu eta orekatzea ere. Horretarako baina, kontziliazioari erraztuko luketen neurriak galdegin ditu De la Ricak. Ordutegi malguagoak ezartzea eskatu du, eta amatasun eta aitatasun baimenak parekatuak eta besterenezinak izatea.

Horrez gainera, curriculum anonimoak sustatu beharko lirateke lan merkatuan, hots, adina, sexua eta arrazari buruzko xehetasunik ematen ez dituztenak. Horrek nabarmen eragingo luke kontratazioan, De la Ricaren hitzetan, meritua lehenetsiko litzatekeelako. Azkenik, enpresetan genero berdintasunaren alde hartzen diren neurriak ikusgarri egin beharraz ere ohartarazi du. Horretarako, berdintasun planak aintzat hartzen dituzten enpresen erregistro bat sortzea iradoki du.

Zaintza, desoreka iturri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.