ESPAINIAKO INBESTIDURA

ERCk abstentzioari eutsiko dio

Rufianen ustez, hauteskunde batzordeak Torra eta Junqueras inhabilitatzea «estatu kolpe bat» da. Borrasek salatu du independentistak «Espainiako justiziaren kapritxoen menpe» daudela.

Gabriel Rufian, gaur, Pedro Sancheze aurretik pasatzen. EMILIO NARANJO / EFE
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 4a
00:18
Entzun

ERC Esquerra Republicanak erabakita zeukan Pedro Sanchezen inbestidurari bide ematea, eta, PPk, Voxek eta Ciudadanosek eskatuta Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea inhabilitatu duen arren, indar subiranistak abstentzioari eutsiko dio. PSOErekin negoziatzeagatik alderdia azken asteetan Katalunian jasaten ari den presioa areagotu egin zen ostiral iluntzean, baina Pere Aragones koordinatzaile nagusiak —Generalitateko presidenteordea ere bada— nabarmendu duenez, nahiz eta Espainiako Estatuaren «estolden» esku hartzea gertatu, «bide politikotik» jarraituko dute. Hauteskunde batzordeak ebatzitakoaren ondorioak baloratzeko alderdiaren zuzendaritzak egindako bileraren ondoren mintzatu da, eta estatuari jakinarazi dio herritarrek aukeratzen dituztela Generalitateko presidenteak.

PPk, Voxek eta Ciudadanosek «atzeko atetik» egindako «maniobra» salatu du Aragonesek. Alderdi horiei ohartarazi die «oso oker» dabiltzala pentsatzen baldin badute ERCk «negoziatzeko aukerari» uko egingo diola hauteskunde batzordeak Torrari eta Oriol Junqueras ERCko buruzagiari —eurodiputatu kargutik kendu du— buruz hartu duen erabakiarekin.

ERCren zuzendaritzak pentsatzen du azkenean ez diotela kargua kenduko Generalitateko presidenteari —Torrak helegitea jarriko du—; «agertoki hori» kontuan hartuta ari da lanean. «Konbentzituta gaude Torra izango dela Generalitatearen delegazioburua elkarrizketa mahaian».

Hain zuzen, hauteskunde batzordearen «estatu kolpe argia» izan du hizpide Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramaileak, inbestidura saioan hitza hartu duenean. «Denok dakigu nor dagoen gertatutakoaren atzean, baina haren azkeneko bala izan da». Rufianek pentsatzen du eskuin muturrak instituzioak «fagozitatu» dituela, «gobernuaren kontra» erabiltzeko.

Dogmarik gabe
Sanchezi mintzatu zaio, eta oroitarazi dio azkeneko bi urteotan «zabuka» ibili dela Kataluniako auziari dagokionez. Nabarmendu du, halere, ez duela «hemerotekan» sakondu nahi. «Denok dugu hemeroteka bat. Nahiago ditut hemeroteka txarrak, erabilgarri izatea uzteari baino». ERCkoarentzat ez dago «ezin mugituzko» dogmarik, eta politika «mugikorra» dela azpimarratu du. «Errealitatea aldiro interpretatzeko obligazioa daukagu».

Buruzagi subiranisten kontrako kartzela zigorra kritikatu du, elkarrizketa defendatu, eta ERCk autodeterminazio eskubidea beti aldarrikatu duela gogoratu. Bere alderdia jokatzen ari den rola aipatu du, gainera: «ERCk hartu zuen Espainiako Gobernua elkarrizketa mahai batean esertzeko konpromisoa, eta hori egin du». Eta, mahai hori defendatzeko, esan du ezin dela errepublika bat ezarri herritarren %50 kontra dagoenean, «ez eta autonomia bat inposatu ere %50 aurka egonda».

Laura Borras JxC Junts Per Catalunyaren Kongresuko bozeramaileak ere hauteskunde batzordearen ebazpena kritikatu du. Sanchezi leporatu dio bere diskurtsoan ez duela hori hizpide izan, eta «preso politikoak» ere ez dituela aipatu. «Independentistak Espainiako justiziaren kapritxoen menpe daude», salatu du. «Sanchez jauna, kontziente zara demokraziak estatuko aparatu guztien erasoak jasaten dituela?».

Espainiako presidentegaiak elkarrizketaren bidea hartu izana «ospatu» du JxCkoak, baina, azken bi urteotan Kataluniarekin izan duen jarrera aldakorra kontuan hartuta, galdera bat planteatu dio: «Zein Sanchezen aurrean gaude?». Borrasen ustez, Sanchezek argitu beharko luke nola nahi duen konpondu Kataluniako gatazka: «Edo kroniko egin nahi duzu?». ERC-PSOE itunari dagokionez, «gutxienekoen planteamendu bat» iruditzen zaio. Eta ERCrekin distantzia markatu nahi izan du. Sanchezek diskurtsoan iradoki zuen «nazionalista intrantsigenteak» JxCkoak  direla. Borrasek erantzun zion «independentista exijenteak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.