Kataluniako prozesu subiranista. Espainiako inbestidura

«Proposamen guztiez» hitz egitea adostu dute ERCk eta PSOEk

ERCren Kontseilu Nazionalak oniritzia eman dio PSOErekin adostutakoari. Sanchezek gertuago du Espainian gobernu berria eratzeko aukera, baina ezinbestekoa zaio EH Bilduren abstentzioa

Pere Aragones eta Gabriel Rufian ERCko Kontseilu Nazionalak ERCren eta PSOEren arteko inbestidura akordioa onartu ondoren, elkarri bostekoa ematen. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
ERCren Kontseilu Nazionalak ontzat jo du Kataluniako alderdi errepublikanoak PSOErekin adostutakoa. Horrenbestez, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak urrats handia egin du gobernu berria eratu ahal izateko. Akordioaren arabera, ERC abstenitu egingo da Sanchezen inbestiduran, eta hark konpromisoa hartuko du Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahai bat eratzeko.

Mahai horretan, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko heldulekua izango du Generalitateak, gobernuek «askatasunez» aurkeztu ahal izango baitituzte «Kataluniaren etorkizunari buruzko proposamenak», eta «proposamen guztiak» aintzat hartuko dituen «elkarrizketa irekia» adostu baitute aldeek. Horrez gain, lausotu egin da PSOEk elkarrizketarako muga Espainiako Konstituzioan ezartzeko eskaria. Azkenean, «ordenamendu juridiko demokratikoa arautzen duten erremintekikoeta printzipioekiko errespetua»izango da joko zelaia.

Dokumentuak bi puntu nagusi ditu. Lehenengoak Kataluniako «gatazka politikoa» aitortzen du, eta adierazten du soilik «bide demokratikoetatik eta elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez» gainditu daitekeela. Bigarren puntuan, gatazka politikoaren konponbidea lortzeko «aldebiko elkarrizketa mahaia» sortzeko konpromisoa hartzen du PSOEk. Kataluniako eta Espainiako gobernuak eseriko lirateke mahai horretan, eta Espainian gobernua osatu eta hamabost egunera jarriko litzateke abian. Bi gobernuak ados jarriko balira, horiek galdeketa bidez onartu beharko dituzte Kataluniako herritarrek, egungo legediak aurreikusten dituen bideetatik edo aurreikus ditzakeenetatik.

Independentistek «bermeak» eskatu zizkioten PSOEri mahaia «eraginkorra» izan dadin, baina neurri horiek zehaztu gabe gelditu dira. Mahaiaren egutegia ez dago finkatuta, eta testuak dioen bakarra da gobernuek bileretarako baldintza zehatzak ezarriko dituztela, baita mahaiaren jarduna eta akordioak beteko direla ziurtatzeko mekanismoak ere.

ERCren abstentzioa ziurtatuta, pauso handia eman du Sanchezek Moncloarako bidean, baina ez du nahikoa. Inbestidura bihar hasiko da, eta igandean izango da lehen bozketa. Sanchezek ez du gehiengo osoaren babesa lortuko, eta bigarren bozketa egingo da hilaren 7an. Orduan nahikoa izango du aldeko boto gehiago biltzea kontrakoak baino.

EH Bildu, erabakigarria

Oraingoz, aldeko 165 boto ditu ziurtatuak Sanchezek, eta kontrako 164 boto. Zer bozkatu erabaki gabe dute BNGk (1), Teruel Existek (1), Coalicion Canariako bi ordezkarietako batek eta EH Bilduk (5). Beraz, PSOEk derrigorrezkoa du EH Bilduren abstentzioa lortzea gobernua osatu ahal izateko. EH Bilduko militanteek izango dute koalizioaren botoaren gaineko erabakia. Gaur eguerdira arte izango dute epea barne galdeketan parte hartzeko.

Koalizioko zuzendaritzak abstentzioaren alde egin du, eta aukera horren alde mintzatu zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea atzo goizean Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Uste du koalizioak hautu hori egin behar duela, «erantzukizunagatik»: «Eskuinak gobernatzea eragozteaz gain, aukera bat ireki daiteke; eszeptizismorik handienetik, agenda demokratizatzaile bati heldu eta nazioaniztasuna eta autodeterminazioa landu genitzake, baita konponbiderako espetxe politika bat ere».

ERCren eta PSOEren akordioari dagokionez, negoziazio mahai bat osatzeko aukera azpimarratu du Otegik: «Euskal Herriak ere izan beharko luke elkarrizketa mahai bat Estatuarekin, euskal gatazkari heltzeko».

Tentsioa Generalitatean

ERCk akordioa onartu aurretik, elkarrekin bildu ziren Quim Torra Kataluniako presidentea (JxC) eta Pere Aragones presidenteordea (ERC) atzo goizean, eta bilerak agerian utzi du Kataluniako Gobernuaren barruko krisia. Hainbat hedabidek Presidentetzako iturriak aipatuta jakinarazi dutenez, Torrak «argi utzi» dio Aragonesi akordioak ez duela Generalitatearen oniritzia, eta, beraz, ez dela loteslea harentzat. Presidenteak nabarmendu du ituna «alderdien artekoa» dela, eta ERC gobernuari buruz aritu dela gobernuaren iritzia bildu gabe.

ERCren eta PSOEren arteko akordioaren ondorioz, tentsioa areagotu egin da beste behin ere Kataluniako Gobernuko kideen artean, lehendik ere mesfidantzek eta ezin ulertuek zaildutako harremanean.

Torrak presidenteordeari nabarmendu dio ezin dela ezer ere negoziatu Madrilekin «Generalitatearen bizkarrera», eta gaineratu du gobernuen arteko edozein negoziaziok independentziari buruzko «bozketa argi bat» izan behar duela helburu.

Aragonesek, berriz, proposamena egin dio Torrari, autodeterminazio eskubidea elkarrizketa mahaian elkarrekin defendatzeko. Aragonesen iritziz, akordioa bat dator gobernuan adostutako jarrerarekin, Generalitateak «baldintzarik gabeko elkarrizketa» eskatu ziolako Espainiako Gobernuari.

Torraren inhabilitazioa

ERCren eta PSOEren arteko akordiotik harago, Katalunian legegintzaldi amaiera eta hauteskundeetarako deialdia aurreratu ditzake Torraren balizko inhabilitazio batek ere. Espainiako Hauteskunde Batzordeak gaur aztertuko du auzia. Batzordeak eskariaren alde egingo balu, Torrak ezin izango luke presidente izaten jarraitu. Presidenteak aurreratu du kasu horretan Kataluniako Parlamentuaren esku utziko duela bere egoera, konfiantza mozio baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.