Zinema

'Napardeath' filma ikusgai izango da astelehenetik BERRIAn

Urtarrilaren 27ra arte zatika ikusi ahal izango da, eta, egun horretatik aurrera, osorik. BERRIAk saio berezi bat egin du protagonistekin, filmaren eta trilogiaren inguruan.

jon ordonez garmendia
2020ko urtarrilaren 9a
12:51
Entzun

Astelehenetik aurrera, Napardeath filma Interneten ikusi ahal izango da, BERRIAren webgunean. BerriaTBn atal berezi bat izango du ikusi ahal izateko. Zatika izango da ikusgai hasieran, eta urtarrilaren 13tik 26ra bitartean egunero bizpahiru minutuko eszena bat eskainiko da. Azken zatia argitaratzearekin batera, filma osorik ikusi ahal izango da, urtarrilaren 27an.

Sareko estreinaldia iragartzeko, saio berezi bat egin du BERRIAk filmeko protagonistekin: Josu Jon Tomas, Antso erregea, Andoni bekaduna eta Aztia. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak aurkeztu du saioa. Azken egunetan, BERRIAk, jakin-mina pizteko asmoz, saio berezian parte hartu duten pertsonaiekin Egunean Death lehiaketa egin du sarean, Egunean Behin aplikazioaren formatua kopiatuz, Napardeath-ek osatzen duen trilogiaren inguruan.



2019ko maiatzean estreinatu zen Napardeath. Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen trilogiaren azken filma da, Ataun of the dead eta Joxean's hil eben filmei jarraipena ematen diena. "Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñera abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Bidea ez da uste bezain erraza izango, ordea, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, Nafarroako erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko asmoz. Nor izango da garaile tronua lortzeko dema honetan?". Hitz horiekin aurkezten du Katihotsak Logia kultur elkarteak astelehenean Interneten estreinatuko den filma.

[YouTube]https://youtu.be/K-CImdzCA9U[/YouTube]

Trilogiako aurreko bi filmak baino luzeagoa da hirugarren hau (47 minutu), eta hamabost eszenak osatzen dute. 150 pertsonek auzolanean hartu dute parte filmaketan, eta azken guda Urbasan grabatu zuten, 2018ko irailean. Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astearen kartelaren aurkezpen ekitaldian. Geroztik, ia hirurogei emanaldi egin dituzte sortzaileek herriz herri abendura arte, eta Euskal Herritik kanpo Buenos Airesen ere izan zen emanaldi bat abuztuan. Trilogiari amaiera emateko, USB giltza batean bildu zituzten hiru filmak, hiru soinu bandekin eta bideo joko batekin, eta abenduan Durangoko Azokan saldu zuten.

Napardeath-en aurreko bi filmak, Ataun of the dead eta Joxean's hil eben, YouTuben daude ikusgai. Lehen filma 2012an estreinatu zuten, eta bigarrena, 2014an. Satira politikoa da trilogia hasieratik bukaerara, eta, aurreko filmetan bezala, Napardeath-en ere ugariak dira egungo egoera politikoari egiten zaizkion keinuak. Eusko Jaurlaritzara "trikimailuen bidez" "lehen lehendakari ez-nazionalista" iristea da trilogiaren abiapuntua; Josu Jon Tomas eta Jon Tomas zientzialari karlistak Tomas Zumalakarregi jenerala berpizten saiatzen dira hirugarren karlistaldia pizteko. "Esperimentuan, Idiazabalgo gazta lehiaketan aurkeztuko duten gazta kutsatu egiten da, eta, ondorioz, ataundar guztiak zonbi bilakatzen dira gazta janagatik...". Hona Ataun of the dead eta Joxean's hil eben filmak, osorik. Hirugarrena, Napardeath, astelehenetik aurrera, BERRIAn.

[YouTube]https://youtu.be/yezdRoJW7SU[/YouTube]

[YouTube]https://youtu.be/Tbko8aN4qn0[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.