Iritzia

Gure umeen motxila pisutsuak hustu beharra dago

Sara Majarenas Ibarreta (preso ohia) - Gipuzkoako Hitza
2020ko urtarrilaren 17a
12:22
Entzun

Oso ondo gogoratzen dut Xua amaren triparen barruan ezagutu nuen egun hura. Baita jaioberritan ere, amaren titian ikusi genuenean. Atzo izan balitz bezala gogoratu ere. Hiru urte pasatu dira, ordea, egun horietatik. Ziztu bizian pasatu zaizkit niri. Ziur Olatzi eta Patxiri ere hala pasatu zaizkiela. Eta Xuari. Baita haien inguruko guztiei ere.

Kartzelan jaiotzen diren umeen guraso, senide eta gertukoek badugu data bat iltzatua geure buru-bihotzetan. Umea jaiotzen den egunetik aurrera, sua bailitzan, erre egiten duen data: espetxean jaio den umeak 3 urte beteko dituen eguna. Ama berriz erdituko den eguna, umea amatxorengandik banatuko duten eguna. Eta baita aitatxorengandik ere kasu gehienetan.

Berdin dio banaketa horrek hilabete batzuk iraungo duen, urtebete iraungo duen edo banaketa luzeagoa izango den. Denbora hori beti izango da luzea. Eta gogorra. Naturaren aurkako banaketa. Mingarria. Gogorra, mingarria eta krudela.

Krudela da amatasuna espetxean ahalbidetzen duen estatu batek, bat-batean, egun jakin batean, umeak 3 urte betetzen dituen egun jakin horretan, banaketa hori inposatzea. Ume bakoitzaren indibidualtasuna batere kontuan hartu gabe, norbere momentu ebolutiboa aztertu gabe, bakoitzaren behar pertsonalei entzungor eginda. Tarteko inolako pausorik eman gabe. Berriro diot: krudelkeriaz jokatzen dute. Ama-alabak zigortu egiten dituzte, une oro elkarrekin egotetik hilabetean bi aurrez aurrekotan elkar ikustera. Asko jota, hilabetean hiru ordu eta erdiz ikusiko dute elkar hemendik aurrera. Orain arte umearen erreferentziazko pertsona izan denarekin, bere atxikimendu pertsonarekin, zein lotura mota izatera bultzatzen ari dira neurri honekin?

Hau guztia gutxi balitz bezala, une motz baina goxo horietaz gozatu ahal izateko milaka kilometro egin beharko dituzte, bai umeek baita zaintzaz arduratzen diren senideek ere. Banaketa nahikoa krudela izango ez balitz bezala, horri kilometroak eransten dizkiete, era mendekatzaile batean. Mendekatzailea umearekiko, aitona-amonekiko, barruan geratzen diren ama eta aitarekiko.

Hala ere, denbora luze honek ezingo du eten hain estua eta hain benetakoa den amaren eta seme-alaben arteko zilbor hestea. Une horretatik aurrera beste era batera eraman beharko da gurasotasuna, indar, energia, imajinazio eta dedikazio osoz. Zoriontasunaren aldeko apustu irmo bat eginez. Eta baita lortu ere. Deiak, gutunak, eskulanak eta aurrez aurrekoak kolorez eta irriz betetzen dituzten ama-aita ikaragarriak dituzten ume motxiladunak dira. Baina motxilako pisua arintzeko konponbideak behar ditugu. Korapilo krudel hauek askatu behar ditugu. Askarazi behar dizkiegu. Ez dago besterik. Motxila pisutsu hauek hustu beharra dago.

Horregatik, Xua, Olatz eta Patxi burutik kendu ezinik nabil egun hauetan. Zoriontasunaren aldeko hautu irmoa egiten jarraituko dutelako konbentzimenduz. Eta, beraiekin batera, ume motxiladun guztiek, baita barruan eta urruti dauden guraso guztiek ere. Gertu eta goxo egotea lortzen dutenak, betiere. Doazela haientzat muxurik goxoenak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.