Urkulluren hitzek haserrea eragin dute pentsiodunen mugimenduan

Lehendakaria «gezurretan» ari dela salatu dute, eta «gizartearen gehiengoari» bizkarra ematen ari zaiola. ELAk Ahal Dugu-ri egotzi dio bere printzipioei uko egitea; alderdi moreak «errespetua» eskatu du.

Astelehen honetan pentsiodunek Bilbon eginiko elkarretaratzea. LUIS TEJIDO, EFE
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 21a
11:10
Entzun

Giroa berotzen ari da. Geroz eta nabarmenago egiten ari da hilaren 30eko greba orokorraren aldekoen eta aurkakoen arteko aldea. Deitzaileek euren haserrea agertu dute egunotan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta beste eragile batzuek —tartean Ahal Dugu-koak, CCOOkoak eta UGTkoak— eginiko kritikengatik.

Pentsiodunak mintzatu dira gogorren. «Justifikaezinak, nagusikeriazkoak eta sektarioak» izan ziren lehendakariak aurreko ostiralean emandako argudioak grebaren aurka egiteko eta deitzaileekin biltzeko eskaerari uko egiteko, Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko bozeramailearen arabera.

ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, berriz, Urkulluri ez ezik, Ahal Dugu-ri ere zuzendu dizkio bere kritikak. «Inkoherentetzat» jo du alderdi horrek greba ez babestea, eta «bere sorrerako printzipioei uko egitea» leporatu dio.

Ahal Dugu-k bere erabakia «errespetatzeko» eskatu du; gosari informatibo batean, Andeka Larrea komunikazio idazkariak azaldu du grebako aldarrikapenekin bat datorrela bere alderdia —militanteei parte hartzeko askatasuna eman die—; dena den, uste du ez dela «garairik egokiena» gisa horretako mobilizazio batera deitzeko, haren ustez, eskaera horietako batzuk Espainiako gobernu berriak «konpontzeko bidean» jarri dituelako, eta horietako batzuk, halaber, jasotzen direlako Eusko Jaurlaritzarekin eginiko aurrekontu akordioan.

Gehiengoak eta asimilatuak

Astelehenero legez, Bilboko udaletxearen aurrean mobilizatu dira pentsiodunak. Espainiako Gobernuaren azken neurriak ere izan dituzte gogoan; pentsioak %0,9 igotzeko erabakia «barregarritzat» jo dute, guztiei berdin ezarriko dietelako, kopuruak aintzat hartu gabe, eta ez dituelako kontuan hartzen kotizaziopekoak diren ala ez. «Tontotzat hartzen gaituzte igoera horrekin pentsio guztien erosteko ahalmena bermatzen dela esaten digutenean», adierazi du Jon Fano bozeramaileak. «Datu hauekin eskutan, borrokan jarraitzea beste erremediorik ez dugu».

Urkulluk ostiralean esandakoak ere gogoratu ditu, eta «gezurretan» aritzea leporatu dio. «Guztiz faltsua da [Jaurlaritzak] eskumenik ez duela pentsioen inguruan, diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osatzen baititu pentsio txikienak». Lehendakariari egotzi dio «enpresari handiekin eta bankariekin» bat egitea, eta «gizartearen gehiengoari —langileei eta pentsiodunei—» bizkarra ematea. Ohartarazi du «instituzioetan inskrustatuta» dauden eragileek «neurriz kanpoko kanpaina» bat abiatu dutela grebaren aurka.

Dagoeneko 1.200 enpresatako langile batzordeek bat egin dute deialdiarekin, ELAk jakinarazi duenez; Lakuntzaren arabera, enpresa handi batzuetan CCOO eta UGTko kideek ere babestu dute mobilizazioa; adibidez, Mercedes auto ekoizlearen Gasteizko lantegian—. «Oso zaila da grebaren aurka egotea; zoritxarrez, greba orokor batera deitzeko arrazoiak sobera ditugu».

ELAko buruzagiak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean erantzun die kritikei. Bereziki «kezkatuta» agertu da Ahal Dugu-koen jarrerarekin. «Alderdi sistemikoak asimilatuak» izaten ari direla uste du, eta «jatorriko printzipioei» uko egiten ari direla. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak babestearen truke «ezer gutxi» lortu dutela azpimarratu du Lakuntzak: «Aurrekontuen %0,75 baino ez dute aldatu».

Espainiako Gobernua osatzeko akordioan, halaber, ez du «konpromiso zehatz zein espliziturik» ikusten pentsioen alorrean eta Mariano Rajoyren gobernuaren (PP) lan erreforma bertan behera uzteko; are, uste du «arriskua« dagoela «inboluzio» bat gertatzeko negoziazio kolektiboen estatalizazioan.

Greba politikoa

Lakuntzak aitortu du grebaren aldarrikapen batzuek «zuzen-zuzenean» egiten dutela Eusko Jaurlaritzaren politiken aurka, eta, Urkulluk esandakoaren kontrara, ukatu egin du gobernuak ez duela eskumenik eskaera horiei erantzuteko. «Gezurretan ari da; adarjotzea iruditzen zaizkit hitzok». Besteak beste, gogoratu du pentsioak «osatzeko eta hobetzeko» eskumenak dituela, eta lehendakaria dela «herri honetako enplegu emaile nagusia», zuzenean eta zeharka. «[Espainiako] Estatu osoko langile publikoen artean, hemen dago behin-behinekotasun handiena», salatu du.

Urkulluk gehiengo sindikaleko ordezkariekin biltzeko eskaerari uko egin izana ere kritikatu du Lakuntzak: «Oso kezkagarria da, erakusten duen maila demokratiko eskasagatik». «Gizarte honen zati batengandik geroz eta urrutiago dagoen lehendakari bat da. Ez du arazorik patronalaren bozeramaile lanak egiteko. Arrazoia ematen diotenekin hitz egiten du».

Grebaren izaera «politikoa» dela-eta eginiko kritikei ere erantzun die ELAko buruzagiak. «Noski badela. Horrelako aldarrikapenak jasotzen ditugunean, politika egiten ari gara, horien oinarrian dauden erabaki politikoak aldatu nahi ditugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.