EAE-ko hauteskundeak

EH Bilduk otsailaren 3an izendatuko du lehendakarigaia, hautagai bakarra baldin badago

Talde subiranistan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehendakarigaiak bat baino gehiago izanez gero, otsailaren 14an, 15ean eta 16an egingo dute bozketa. Ikusteko dago Otegiri denbora emango dion hautagai izateko; Gorenak ez du eperik Bateragune auziko berraztertze helegiteaz ebazpena emateko.

Marian Beitialarrangoitia, gaur, Donostian. JON URBE, FOKU
2020ko urtarrilaren 21a
12:48
Entzun

Hasi du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako barne prozesua, eta, hautagai bakarra aurkezten bada lehendakarigaia aukeratzeko prozesuan, ezkerreko talde subiranistak otsailaren 3an izendatuko du. Atzotik otsailaren 2ra artean proposa ditzakete lehendakarigaiak bilkideek. Hautagaiak bat baino gehiago balira, otsailaren 4-13 artean kanpaina egingo lukete, eta otsailaren 14an, 15ean eta 16an, bozketa; irabazlea otsailaren 17an izendatuko lukete. 

Barne prozesuko lehendakarigaiak bilkidea izan beharko du, edo Hauteskunde Batzordeak hautagaiaren soslaia ontzat jo beharko du. Hautagaiak talde subiranistan izena emanda dauden hogei kideren sinadurak aurkeztu beharko ditu, eta euskaraz ondo moldatu beharra du.

Lehendakarigaia hautatu ostean ekingo dio EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatzeko prozesuari, eta martxoaren 9an amaituko luke. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko alor instituzionaleko arduradunak eman ditu xehetasunak, Donostian.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez badu legealdia eteten, aurtengo irailaren bukaera aldera izango dira hauteskundeak. EH Bilduk urte politikoaren plangintzan jarria zuen orain egitea hautagaiak aukeratzeko barne prozesua.

Ikusteko dago Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari denbora emango dion hautagai izan ahal izateko. Bateragune auziko inhabilitazioa dela eta, 2021eko otsailera arte ezin da hautagai izan, baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren 2018 bukaerako epai bat dela eta —epaiketa injustutzat jo zuen—, defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea aurkeztua du, eta uste du Gorenak epaia baliorik gabe utziko zuela. Modu horretara, kendu egingo liokete inhabilitazioa Otegiri —zigortuen artean hark baino ez du indarrean—. Gorenak ez du eperik ebazpena emateko.

Hamazortzi legebiltzarkide ditu egun EH Bilduk, eta bigarren indarra da. EAJk 28 ditu, EPk 11, eta PSE-EEk eta PPk, bederatzina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.