Eusko Legebiltzarrerako bozak

EH Bilduren Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du lehendakarigai izateko

Ez da kontrako botorik izan zuzendaritzan, Otegik esan duenez. Ez bada beste inor aurkezten, otsailaren 3an izendatuko dute Iriarte lehendakarigai.

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
jon olano
2020ko urtarrilaren 27a
14:07
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak bilkideen artean Maddalen Iriarte proposatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Jaurlaritzako lehendakarigai izateko, gaur eguerdian Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Donostiako prentsaurreko batean jakinarazi duenez. Kontrako botorik ez da izan Mahai Politikoan; aho batez onartu dute proposamena, Otegiren esanetan. Iriarte ere izan da agerraldian. «Emakumea, ama, gipuzkoarra, euskalduna eta profesionala», horrela deskribatu du Otegik haien hautagaia.

Iriarte donostiarra da (1963), eta Durangon (Bizkaia) bizi da. Kazetaria da —ETBn aritu da urteetan—, eta duela lau urtetik EH Bilduren legebiltzarkidea da. Independente modura aurkeztu zen taldeko zerrendetan. Agerraldian adierazi duenez, «ardura eta ohore handia» da harentzat hautagai izatea. «Prest nago, indarrez nago erronka honi aurre egiteko». Eskerrak eman dizkio EH Bilduren Mahai Politikoari, eta hautagaitza gehiago aurkeztera deitu du, «eztabaida aberasgarria» delakoan.

Duela astebete hasi zuen EH Bilduk bozetako barne prozesua, eta, hautagai bakarra aurkezten bada lehendakarigaia aukeratzeko fasean, ezkerreko talde subiranistak otsailaren 3an izendatuko du. Bilkideek hilaren 20tik datorren igandera artean proposa ditzakete lehendakarigaiak. Hautagaiak bat baino gehiago balira, otsailaren 4-13 artean kanpaina egingo lukete, eta otsailaren 14an, 15ean eta 16an, bozketa; irabazlea otsailaren 17an izendatuko lukete. Lehendakarigaiak bilkidea izan beharko du, edo Hauteskunde Batzordeak ontzat jo beharko du hautagaiaren soslaia. Hautagaiak talde subiranistan izena emanda dauden hogei kideren sinadurak aurkeztu beharko ditu, eta euskaraz ondo moldatu beharra du. Momentuz, ez dago beste hautagaitzarik. Mahai Politikoak ez du beste izen-abizenik planteatu; «aspalditik nahikoa garbi» zuen Iriarte dela hautagaia. Lehendakarigaia hautatu ostean ekingo dio EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatzeko prozesuari, eta martxoaren 9an amaituko du. 

Otegik azaldu du EH Bilduk politika sozialez hitz egin nahi duela hauteskundeetan, «frogatzeko» EAJren eredua «zaharkitua» dagoela. «Eskuin nazionalista zaharraren» aurrean «bada alternatiba bat», haren hitzetan: «Ezker subiranista berria». Uste du herrialdean nagusitzen ari diren balioak bat datozela gehiago bigarrenarekin lehenarekin baino. Testuinguruaz ere mintzatu da: «Erronka ezberdinak daude momentu honetan. Momentu historiko batean bizi gara. Munduak, Europak eta Euskal Herriak lidergo sendoak eta konpartituak behar ditu».

Ikusgai zegoen Otegi bera lehendakarigai izateko aurkeztuko ote zen, 2016an bezala. Bateragune auziko inhabilitazioagatik, 2021eko otsailera arte ezin da hautagai izan —duela lau urte azkenean horregatik ez zen izan hautagai—, baina, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren 2018 bukaerako epai bat dela eta —epaiketa injustutzat jo zuen—, defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztua du berraztertze helegitea, eta uste du Gorenak baliorik gabe utziko zuela epaia. Modu horretara, kendu egingo liokete inhabilitazioa Otegiri —zigortuen artean hark baino ez du indarrean—. Gorenak ez du eperik ebazpena emateko. Defentsak beste helegite bat aurkeztua du Konstituzionalean, hautagai izatearen «oinarrizko eskubidea» dela eta, baina auzitegi hark ere ez du eperik.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez badu legealdia eteten, aurtengo irailaren bukaera aldera izango dira hauteskundeak. EH Bilduk urte politikoaren plangintzan jarria zuen orain egitea hautagaiak aukeratzeko barne prozesua.

Hamazortzi legebiltzarkide ditu egun EH Bilduk, eta bigarren indarra da. EAJk 28 ditu; EPk, 11; eta PSE-EEk eta PPk, bederatzina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.