Albistea entzun

Zortzi erreibindikazio eta greba bat, bizitzak «duintzeko»

Greba eta mobilizazio eguna izango da ostegunean Euskal Herrian. Hegoaldean, Eskubide Sozialen Gutunak egin du lana uzteko deialdia, lan, bizitza eta pentsio duinak eskatzeko.

Iruñean, kartelak itsatsi zituzten Zararen dendan, duela bi aste.
Iruñean, kartelak itsatsi zituzten Zararen dendan, duela bi aste. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko urtarrilak 30

Eguerdian espero dira mobilizaziorik handienak, hiriburuetan. Bilbon, 11:45ean abiatuko dira zutabeak, Zabalburutik, Deustutik, Jesusen Bihotzetik eta Errekalde zumarkaletik; 12:30ean batuko dira, Moyua plazan. Donostian, 11:45ean aterako dira Groseko, Amarako eta Antiguako zutabeak, eta 12:30ean elkartuko dira, Artzain Onaren aurrean. Gasteizen, 12:00etan hasiko da manifestazioa, Bilbo plazan. Iruñean, 11:00etan abiatuko dira Sanduzelaiko, Berriozarko, Txantreako, Arrotxapeko, Atarrabiako, Unibertsitateko eta Barañaingo zutabeak; 12:00etan juntatuko dira, Gazteluko plazan.

Nafarroan, gainera, Lizarran, Tafallan eta Tuteran ere manifestazioak egingo dituzte 12:00etan, eta Eibarren (Gipuzkoa), 12:30ean. Arratsaldean, berriz, hiriburuetan eta herri askotan egingo dituzte manifestazioak. Gehienak arratsaldeko bostak eta zazpiak bitartean hasiko dira. Guztira, 92 mobilizazio egiteko asmotan dira, beste hainbeste hiritan eta herritan.

Greba deialdiak 1.500 langile batzorderen atxikimendua jaso duela jakinarazi dute egunotan, eta grebaren deitzaileak itxaropentsu agertu dira: «erantzun zabala eta mobilizazio garrantzitsuak» espero dituzte.

Pentsiodunek grebarekin ez dutela bat egingo zabaldu diren mezuak direla eta, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak ohartarazi du haien mugimendua ez dagoela hautsita, eta mobilizazioetan parte hartzera dei egin du aste honetan. Eguerdiko manifestazioen buruetan agertuko direla ere jakinarazi dute. Bizkaiko pentsiodunen bilera baten lekuko izan da BERRIA egunotan.

Ezohiko greba eta mobilizazioak izango dira. Lehenik eta behin, ez baitira sindikatuak soilik deitzaileen artean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak arlo askotako gizarte mugimenduak hartzen ditu, tartean, baita gehiengo sindikala ere —ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE; CNTk eta CGTk ere bat egin dute—. Bestelako talde eta mugimenduek aberastu dute deialdia, ordea; mugimendu feministak, adibidez, Martxoaren 8an egin dituen azkeneko bi grebetako irakaspenen ekarpena egin dio urtarrilaren 30eko grebari.

Gainera, grebaren ikuspegia orokorra edo integrala da, deitzaileen aldarrikapen taulak erakusten duenez —Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak gutun batean azaldu zituen horrela antolatu izanaren arrazoiak—. Hauek dira grebaren deitzaileek «Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, eta patronalari» egin dizkieten eskariak, zortzi puntutan laburbilduta:

• Erosteko ahalmena berreskuratzea. Pentsioek eta soldatek galdutako ahalmena berreskuratzea, bizitzaren kostua kontuan hartuta.

• Prekaritatea amaitzea. 2010eko eta 2012ko lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformako neurri murriztaileak indar gabe uztea.

• Gutxieneko diru sarrera duinak bermatzea. Gutxieneko soldata 1.200 euro izatea, eta gutxieneko pentsioa 1.080 euro.

• Genero arrakala amaitzea. Gizonezkoen eta emakumezkoen soldatetan eta pentsioetan dagoen aldea amaitzea.

• Zigorrik gabeko erretiro aurreratua. Horrela nahi dute, gutxienez 40 urtez kotizatu duten langileentzat.

• Osasuna. Zerbitzu publiko eta doakoak ziurtatuko dituen sare unibertsala eskatzen dute.

• DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eta errenta bermatua. Gutxieneko soldataren kopuru bera izatea, 1.200 euro, alegia.

• Pentsioak osatzeko araudia. 1.080 eurora iritsiko direla bermatzeko neurriak eskatzen dizkiete Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Grebaren gainean, bestalde, ika-mika bizia ibili da. Eusko Jaurlaritzak «greba politiko bat» izatea leporatu die antolatzaileei, eta patronalak sarritan gaitzetsi du, eskariak onartezintzat joz. Iñigo Urkullu lehendakariak uko egin zion grebaren deitzaileekin biltzeari, eta gutun bat ere argitaratu zuen, grebara ez joateko arrazoiak aletuz. Lehendakariaren jokabidea gaitzetsi dute antolatzaileek. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gutun bat ere argitaratu zuen. Nafarroako Gobernua biltzeko prest agertu zen, baina bilera atzeratu egin du geroztik.

Zazpi urte joan dira Hego Euskal Herrian azkeneko greba orokorra antolatu zutenetik. 2013ko maiatzean izan zen azkena. Krisiaren urte gogorretan, 2009 eta 2013 artean, zortzi greba orokor antolatu zituzten sindikatuek. Orain, ustez ekonomia susperraldiaren arora itzulita, susperraldi hori langile gehienen patriketara eta bizitzetara ez dela iritsi ohartarazi nahi dute deitzaileek. Gainera, azkeneko urteetan pentsiodunen eta feministen mugimenduek kaleak astindu dituzte eta aldarrikapenen gaitegia eguneratu dute. Antolatzaileek errealitate berri horri erantzun nahi diote.

Hain justu, sektore batzuetan kroniko bihurtzen ari den prekaritatearen erakusgarri izan daitezkeen bost langileren testigantzak bildu ditu BERRIAk egunotan:

Olaia Bilbao: «Emakumeen lan bera eginda ia bikoitza irabazten duten gizonezkoak ditugu garbitzaileon artean»

Aitor Perez de Arriluzea: «950 euroko soldata batekin, gaur egun, ezinezkoa da bizitzea hemen»

Cecilia Antolin: «Zaintzaren sektorean benetako kaka zaharra diren kontratuak ditugu»

Aitziber Aranberri: «Gure borroka oso lotuta dago U-30eko grebarekin. Prekarizazioa murriztea da helburu nagusia»

Miren Peña: «Prekaritatea normalizatzen ari gara; arriskutsua da, eta erantzun kolektiboa eman behar zaio»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arroz ekoizle bat eskukada bat ongarri eskuan duela, Colombon (Sri Lanka). ©CHAMILA KARUNARATHNE/EFE

ONGARRIEN EKOIZPENAK %70 EGIN DU BEHERA

Maddi Iztueta Olano

NBE Nazio Batuen Erakundeak Errusiari eta Ukrainari eskatu die esportazio kimikoen inguruko akordioa adostu dezaten. Elikagaien eskasia areagotzen ari da.

Gazte bat jan itzazu aberatsak dioen pintaketa baten aurretik pasatzen, Atenasen. ©ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
Nekazal landak, Berangon. ©Aritz Loiola / FOKU

Elikagai ekologikoen kontsumoak ez du atzera egin

Maddi Iztueta Olano

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %4,6 erabiltzen dira nekazaritza ekologikorako. Helburua 2030. urterako Europako nekazaritza lurren %25 ekologikoa izatea da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...