Aurrekontuak

Navarra Suma bakarrik geratu da berriro

Eskuineko koalizioak 2020ko aurrekontuaren lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota dute gainerako alderdiek, besteak beste «jarrera arduragabea» leporatuta.

Navarra Sumako parlamentariak, bozketaren emaitza erakusten duen pantailaren azpian. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2020ko otsailaren 6a
13:07
Entzun

Bide luzea egin du orain arte, eta oraindik ere hiru aste geratzen zaizkie Nafarroako aurtengo aurrekontuei —otsailaren 27an bozkatuko dira—. Hala ere, parlamentuari dagokionez, gaur goizean egin da lehen eztabaida nagusia. Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu ostean, espero bezala, bakarrik geratu da Navarra Suma berriro. Eskuineko koalizioak aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota dute PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Tramitetzat jo daitekeen hesi hori gaindituta, orain batzordeetan aurkeztu beharko dira taldeek aurkeztutako 803 zuzenketa partzialak.

Bere aita bat-batean hil ostean, Maria Txibite ez da egon gaurko saioan, baina talde guztietako ordezkariek doluminak azaldu dizkiote euren txandako lehen hitzetan. Navarra Sumak bere bakardadea islatu du Maria Jesus Valdemoros parlamentariaren argudioetan. Izan ere, Valdemorosek gainerako taldeei leporatu die aurretik hitzarmenak egitea eta, hauteskudeentan lehen indarra izan zen koalizioa albo batera uzteaz gain, «parlamentuko eztabaida antzu uztea». Haren irudiko, gainerako alderdiek elkarrizketaren aldeko aldarria egin arren, hori «gezurra» da, «ez delako zilegi parlamentuko eztabaidarik ez izatea. Ez dagokie taldeei edo gobernuari eztabaida ixtea. Gure taldeak gainerako taldeek baino parlamentari gehiago ditu, eta gizartearen %40 ordezkatzen du. Ez ezazue nahastu hori nahi duzuena egitearekin»

Valdemorosek batik bat PSNri egin dio kritika. Navarra Sumako ordezkariaren arabera, «amnesiak erasan dio» alderdi sozialistari, iragan legealdiko aurrekontuei «anbizio eta proiektu falta» egozten zielako eta orain aurrekoaren %99 bere egin duelako. «Esaten zenuten aurreko aurrekontuak baloia hartu eta aurrera jotako ostikada zirela. Bada zuek hori egin duzue, baloia hartu eta norabide berean ostikoa jo». Gezurra esatea ere aurpegiratu dio alderdi sozialistari, Navarra Sumarekin hitz egiteko borondaterik ez izatea aurpegiratu baitio. Astelehenean, gobernuak beste 16 milioi euro handitu zuen gastu muga, diru sarrerak handitzea aurreikusi duelako. Valdemorosen arabera, azaroan eta abenduan gobernuak bi aldiz ukatu zion gastu muga handitzeko tarterik bazela. «Malgutasun hori EH Bildurentzat gorde zenuten. Gastu muga igotzeko aukeraz galdetu nizuenean, ezuste aurpegia jarri zenuten. Gezurra esatea oso itsusia da».

PSNren erantzuna Navarra Sumari

PSNko Ainhoa Unzuk gainerako taldeak etikoki epaitzea baina bere alderdiaren jarrera kontuan ez izatea aurpegiratu dio Valdemorosi. «Berriro ere bazterrean utzi duzue zeuen burua. Txibitek denei luzatu zien eskua, baina zuek berriro ere erakutsi duzue nahiago duzuela gatazka, ez dakigu estrategiagatik edo oraindik ere ez duzuelako gainditu boterea galdu izanaren dolua». Gogora ekarri dio azaoaren amaieran Valdemoros bera eta Javier Esparza «eskuak poltsikoan, proposamenik gabe» bertaratu zirela Txibitek Nafarroako jauregian Navarra Sumarekin egin zuen bilerara. Unzuren arabera, Navarra Sumak oraindik ez du ulertu nafar gizarteak elkarrizketaren mandatua eman diela parlamentariei, eta jarrera aldatzeko eskatu dio. Nabarmendu du ezen Navarra Sumaren aldean, bai bilera hartan eta bai gerora ere, bestelako jarrera erakutsi duela EH Bilduk.

Bide beretik jo du Geroa Baiko Uxue Barkosek, batik bat Valdemorosen eta Navarra Sumaren kontraesanak azpimarratuz. «Lau urte galdu zenituzten ulertzeko elkarrizketarako jokalekua aldatu egin dela. Jarrera aldatzera animatzen zaituztet. Hogei eserleku dituzuela diozue, baina, elkarrizketari begira, hutsaren hurrena duzue. Eta autogobernuaren defentsari dagokionez, ez dituzue hogei, hamabost baizik», esan du, erreferentzia eginez iragan osteguneko trafikoko eskumenen bozketari, ordu hartan Ciudadanoseko hiru kideek aurka bozkatu baitzuten eta PPko bi parlamentariak osoko bilkuratik aldendu baitziren euren posizioa saihestu nahirik. Aurrekontuei dagokionez, Barkosek adierazi du aurreko gobernuaren ildo beretik doazela, nahiz eta hainbat kontutan aldaketak ere badituen.

EH Bilduren irakurketa

EH Bilduren ustez, legealdi honetan agerian geratzen ari da eskuina eta eskuin muturra «Navarra Sumaren aterkipean» daudela, eta aterki hori UPN zena baino «suharragoa eta gogorragoa» dela. Hala ere, haren esanetan, agerian dago orobat haren eragin politikoa «hutsaren hurrena» dela, eta uneotan «txoko batean» baztertuta dago. Bakartxo Ruizen arabera, koalizioak ahal duena egingo du eskuina gobernura itzul ez dadin eta aurreko lau urteetan ekindako bidean aurrera egiteko. «Guk aukera bat ematea hobetsi dugu, eta, orain, gobernuaren eskuetan dago hitzartutakoa betetzea». Ohartarazi du erne egongo direla, akordioa betetzen ote duen egiaztatzeko. Aurrekontuok aurrekoaren bide beretik doazela nabarmendu du, baina hainbat konturekin kritiko azaldu da. Besteak beste, salatu du berdintasun arloan eta udalen finantzaketan murrizketak daudela eta ikastetxe pribatuei emandako laguntzak handitu egin direla.

Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, Navarra Sumak ez du argitu nondik atera nahi zituen 500 milioi euro. Izan ere, abendu amaierako eztabaidan, eskuineko koalizioak 250 milioi euro inguruko zerga jaitsiera proposatu zuen, eta, orain, bere zuzenketa partzialetan, 280 milioi euroko gastu igoera proposatu du. «Nondik atera nahi duzue diru hori guztia? Ez duzue halakorik argitu. Finantza erakundeei eskatu nahi badiozue, esaguzue». Builen arabera, aurrekontuetan aurreko gobernuek hartutako erabakien ondorioek isla duten moduan, alderdi bakoitzak bere kontraesanak kudeatu behar ditu, baina Navarra Sumak ez du halakorik egiten. Haren ustez, aurrekontuak aurrekoaren ildotik doaz, baina gainera «beste plus» batzuk ere baditu.

Ezkerrako Maria de Simon kritikoago agertu da aurrekontu proiektuaren edukiarekin. Nabarmendu du jarrera eraikitzailea dutela baina baita kritikoa ere. Atsekabetuta agertu da abenduko eztabaidan sozietate zergan aldaketa esanguratsurik ez zelako egin, horrek aurrekontuan gehiago inbertitzea ahalbidetuko lukeelako. Eztabaidara begira, guztira zortzi milioi euroren 30 zuzenketa aurkeztu dituzte, eta, De Simonen aburuz, «arrazoizko proposamenak» dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik