Jaurlaritzak dio inguruko furano eta dioxina mailek ez dutela eraginik osasunean

Azaldu dute «hilabeteetako» esposizioa beharko litzatekeela eraginik izateko. Suteak itzaltzeak eta eguraldiak egoera «hobetzen» lagunduko dute.

Zabortegiko lanak. ARITZ LOIOLA, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 16a
15:03
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren inguruko airean dauden furano eta dioxina mailek ez dutela eraginik osasunean, «ez epe laburrera, ez luzera». Azaldu dute «agian» hasieran ez zela «ongi azaldu» nola zegoen eremua ingurumen aldetik. Datu falta argudiatu dute: «Hasieran ez genuen dioxina maila hori espero. Ez genekien zer ari zen erretzen, eta harritu egin gaitu».

Jaurlaritzak azaldu du ostiraletik une oro ari direla airearen kalitatea aztertzen, Ermuan (Bizkaia) eta Eibarren (Gipuzkoa) kokatutako laborategi mugikorren bidez. Horiek 172 konposatu organiko lurrunkor neurtzen dituzte. Horrez gain, beste hainbat eremutan ere eskuz neurtu dute. Uneotan airea parametro normaletan dagoela azaldu dute. Halere, neurketa horiek ez dituzte dioxinak eta furanoak neurtzen. 24 orduan behin egiten da partikula horien neurketa, baina emaitzak jakiteko ostegunera arte itxaron beharko da. Orduan iritsiko dira CSIC laborategiaren emaitza berriak. «[Dioxina eta furano] mailak jaitsiz joatea espero dugu, baina suteek eta eguraldiak baldintzatuko dute».

Leku urbano batean egon ohi den furano eta dioxina maila baino 40-50 aldiz handiagoa topatu zuten otsailaren 9an eginiko neurketetan. Halere, adierazi dute haize indartsuek sakabanatu egiten dituztela partikulak, eta urrunago eraman. Era horretan, aireko toxina kontzentrazioa murriztu egiten da.

Horiek herritarren osasunean eragiteko «hilabete eta urteetako» esposizio bat beharko litzatekeela adierazi dute: «Substantzia horien aire bidezko sarrera oso mugatua da gorputzean. Gizakiek substantzia horiekin duten esposizioaren %95 elikagaien bidez izaten da».

Bien bitartean, bi helburu nagusirekin ari dira lanean. Batetik, bi langileak aurkitzea, eta, bestetik, dioxinak sortzen dituzten suteak itzaltzea. Erreskate lanei dagokionez, lurra egonkortzen ari dira, ustez langileak egon daitezkeen eremura gerturatzeko. A-8 errepidetik gertu egon daitezkeela uste dute. Makineria lanean da inguruan dauden hiru edo lau suteak itzaltzeko ere. Lurra botatzen ari dira horien gainera. Datozen egunetan guztiz itzaltzea espero dute, baina biharko aurreikusten den euriak lana atzeratu dezake.

Urkullu, bisitan

Iñigo Urkullu lehendakaria ezbeharraren inguruan izan da gaur. Hark zuzendu du luiziaren inguruko mahai teknikoaren bilera. Harekin izan dira Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria ere, baita Jaurlaritzako sailburu Iñaki Arriola eta Estefania Beltran de Heredia ere. Jaurlaritzak adierazi duenez, lehendakaria zabortegian ere egon da, oraindik desagertuta jarraitzen duten bi langileen senideekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.