Urkulluk «akatsak» aitortu ditu, baina oposizioak erantzukizuna egotzi dio Jaurlaritzari

Urkullu lehendakariak eta haren gobernuko lau sailburuk azalpenak eman dituzte Eusko Legebiltzarrean Zaldibarko luiziaren kudeaketari buruz. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk adierazi dute Eusko Jaurlaritzak «sinesgarritasuna galdu» duela.

Urkullu lehendakaria eta Beltran de Heredia, San Jose, Arriola eta Murga sailburuak, diputazio iraunkorrean. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Andoni Imaz.
2020ko otsailaren 18a
07:29
Entzun

Oposizioko alderdiek eskatu zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta haren gobernuko zenbait sailbururen agerraldia, hasieratik salatu izan baitute Eusko Jaurlaritzak ez duela behar bezala kudeatu Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) luiziak eragindako krisi sakona. «Tragediaren» inguruan, «batasuna eta elkartasuna» eskatu dituzte Urkulluk berak eta haren gobernua osatzen duten alderdietako ordezkariek, Joseba Egibar (EAJ) eta Jose Antonio Pastor (PSE) bozeramaileek. Oposizioko alderdiak, ordea, ez dira gustura geratu gobernuak emandako azalpenekin; autokritikarik egin ez izana leporatu diote lehendakariari, eta informazio gardena eman ez izana.

Diputazio iraunkorrean agerraldia egin dute Urkulluk eta lau sailburuk: Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Eusko Legebiltzarraren kanpoan, zenbait herritarrek protesta egin duteZaldibar argitu orain! leloa zuen pankarta batekin. Atzo, Ermuko (Bizkaia) herritarrek herriko aretoa bete zuten, adituei beren kezkez galdetzeko.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak galdetu dio lehendakariari zer gertatu den Zaldibarren. «Gardentasun osoa eta egia osoa» eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta esan die «ulertzekoa» dela une batzuetan koordinatzeko zailtasunak eta arazoak izatea, baina «askoz ere zailagoa» dela ulertzen gobernuko kide guztiek prentsaurreko bat ematea ezbeharra gertatu eta lau egunera, eta Zaldibarkoaz «hitz bakar bat ere ez esatea, harik eta kazetari batek galdetu zuen arte».

Urkulluk azaldu du zabortegian gertatu dena «ohiz kanpokoa eta erabat ustekabekoa» izan dela, eta haren lehentasunak izan direla desagertuta dauden bi langileak aurkitzea eta segurtasuna bermatzea erreskate lanean ari direnei eta inguruan bizi diren herritarrei. Lehendakariak aitortu du ezbeharraren kudeaketan «akatsak» egin dituztela, eta, oposizioko ordezkariek autokritika egiteko eskatu diotenean, esan du sentitzen duela desagertutako beharginen senideenganako enpatia faltaren itxura eman izana, eta nabarmendu du «hasiera-hasieratik» egon dela haiekin. «Gehiago kezkatu nau egiteak, esateak baino».

Enpresaren gain ere jarri du arreta lehendakariak, adierazita Jaurlaritzak parte hartze «subsidiarioa» duela, eta harena dela erantzukizun nagusia. Gaineratu du, ordea, enpresak ezbeharraren biharamunean aurkeztu zuela «istripuaren partea», epearen barruan.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak adierazi du «desastre hutsa» izan dela Jaurlaritzaren kudeaketa, eta Arriolari eskatu dio azaltzeko zabortegiaren kudeaketan izandako irregulartasun guztiak. «Ingurumen Sailak esan zuen zigor txosten bat jartzeko zorian zeudela, eta jakin nahi nuke zer esan nahi duen 'zorian' horrek». PPko bozeramaile Alfonso Alonsok gaineratu du Jaurlaritzak denbora «gehiegi» behar izan duela zabortegiko irregulartasunei buruzko txostena egiteko, 2019ko ekainean ikusi baitzuten irregulartasunak zeudela. Txanda iritsi zaionean, Arriolak Verter Recycling 2002 SM enpresaren historia osoa irakurri du, eta 2014ko eta 2017ko ikuskaritzetan aurkitutako «arau hauste arin» batzuk aipatu ditu. 2019ko ekainean, ordea, 23 arau hauste identifikatu zituzten; «kuantitatiboki, arau hauste asko dira, baina, kualitatiboki, ez dira larriak», esan du.

Arriolak kontatu du Verterrek kudeatutako zabortegian aurkitutako arau hauste «batek ere» ez zuela zerikusirik zabortegiaren egonkortasunarekin. Dena dela, hondakin arriskutsuak aurkitu zituzten han, nahiz eta zabortegiak ez zuen baimenik halakoak jasotzeko. Sailburuari otsailaren 14an iritsi zitzaion enpresari zigor txosten bat jartzeko eskaera, luizia gertatu eta handik astebetera baino gehiagora. Orduan esan zioten beste zigor txosten bat abiatzear zeudela; txosten horrek bazuen lotura lurraren egonkortasunarekin. Gaineratu du, Jaurlaritzak ez ezik, udalek ere badutela eskumena ikuskapen eta kontroletarako, baita lizentziak kentzeko eta zigorrak jartzeko.

Arriolak azaldu du zabortegiko hondakinen %0,57 dela amiantoa. Haren arabera, amianto hori biltegi batean zegoen, eta enpresak urtero bidaltzen zuen zabortegiaren plano bat, erakusteko non zegoen biltegia, zer eremu hartzen zuen, eta zenbat handitu zen urtez urte. «Verterrek urtero bidali zuen plano hori», esan du sailburuak, eta erakutsi egin du haietako bat.

Zabortegia handitu zen erritmoak atentzioa eman die oposizioko ordezkari bati baino gehiagori: hamar urtean hartu zuen 35 urtean hartzea aurreikusi zuten hondakin kopurua; 500.000 tona, azken bi urteetan. Arriolak adierazi du ez dagoela hazkunde hori muga dezakeen legerik, eta plan egoki bati jarraitzea dela egin beharreko gauza bakarra.

Arriskua eta informazioa

Martinezek sailburuei leporatu die erreskate lanetara joandako beharginen osasuna arriskuan jarri izana, baina lehendakariak erantzun dio oker dagoela, «luzerako esposizio iraunkorra» behar delako horretarako. Beltran de Heredia eta San Jose sailburuek ere hitz egin dute horretaz. Lehenak azaldu du enpresako «inork» ez ziela esan amiantorik egon zitekeenik, eta Osalaneko teknikariak konturatu zirela arriskuaz. Ordutik segurtasun neurriak hartu dituztela azaldu du San Josek, eta egunero egin dizkietela azterketak inguruan aritu diren langileei.

Herritarrei emaniko informazioaz, Urkulluk adierazi du arrisku parametro bat aurkitu orduko abiatu zutela informazio publikorako protokoloa. Murga Osasun sailburuak azaldu du egunero ari direla airearen eta uraren kalitateari buruzko neurketak egiten. «Oso analisi konplikatuak dira, eta oso laborategi gutxi dira halakoak egiteko gai», esan du. Madrilgo CSIC erakunde zientifikora bidaltzen dituzte laginak. Sailburuak nabarmendu du orain arteko informazioa neurketa bakar batetik atera dutela, hiru eta bost egun artean behar direlako emaitza jakiteko. Espero dute ostegunean emango dutela eguneratutako emaitzen berri. Informazioari eta prebentzioari eman die garrantzia. «Ulertzen dugu herritarren egonezina, baina ez gaude alerta egoeran», lasaitu nahi izan ditu herritarrak. «Ez dago nazioartean erreferentziazko baliorik esateko dioxina eta furano mailak kaltegarriak diren ala ez, eta prebentzio printzipioak aplikatu behar ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.