Etxebizitza

Nafarroako Gobernuak eta Testak alokairuaren prezioa gehienez 650 euro izatea adostu dute

Neurri horrek inbertsio funtsak Iruñean erosi dituen babes ofizialeko etxeetako bizilagunei eragingo die; gobernuak iragarri du aurrerantzean ere diru laguntzak emango dituela.

Bizilagunek protesta egin dute Arrotxapean (Iruñea). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 18a
16:39
Entzun

Joan den astean jakin zen albistea: Blackstone inbertsio funts erraldoiaren parte den Testa Residencialek 390 etxebizitza erosi zituen Iruñean, orain arte babes ofizialekoak zirenak. Han bizi diren familiek kalean geratzeko arriskua gertu sumatu dute azken egunetan, funts horrek beste hiri batzuetan izandako jokabidea ikusita.

Protestak egin zituzten, eta Nafarroako Gobernuak berandu izan baino lehen erantzun du. Gaur bertan lortu du akordio bat Testarekin, eta, horri esker, etxebizitzen alokairua ezingo da izan 650 euro baino handiagoa, eta bizilagunek lehen jasotzen zuten diru laguntza jasoko dute aurrerantzean ere. Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Lurralde, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen sailburuaren arabera, helburua da «laguntzak jasotzen dituzten familia horiek etxean bizitzen jarraitu ahal izatea».

Akordioak, ordea, ez du guztiz konpontzen arazoa. Prezioa mugatu arren, alokairua nabarmen garestituko zaie bizilagunei: lehen, 250-300 euro inguru ordaintzen zituzten familia askok. Horri buruz, Aierdik esan du mailakatuak izango direla prezioak: «650 euro ordainduko dituzte hiru logelako etxeetan bizi direnek; gela bat edo bi dituztenen kasuan, txikiagoa izan behar du kopuru horrek, eta hori negoziatzen ari gara; ea ostiralerako badakigun zerbait».

Prezioen igoera ordaintzeko, handiagoak izango dira laguntzak ere: «Lehen, alokairuaren %75 gobernuak ordaintzen zuen, eta beste %25a bizilagunak, eta hemendik aurrera ere hala izango da, prezioa igo arren». Urtean 100.000 euro inguru gehiago ordaindu beharko ditu gobernuak.

Neurriak atzerako eragina izango du, 2020ko urtarrilaren 1etik indarrean balego bezala. Enpresak jada bidaliak zituen prezioak 750-800 eurora igoko zirela zioten gutunak, baina ez da hala izango. Akordioak aurrera egiteko, aldaketa bat egin behar da etxebizitza eskubidea bermatzen duen Nafarroako legedian, eta Aierdik esan du asteon aurkeztuko dutela proposamena.

Iruñeko hainbat auzotan sakabanatuta dauden etxe horiek —Arrotxapea eta San Jorge auzoetan daude gehienak— aurten utzi diote babes ofizialekoak izateari: hogei urtez, etxeen jabe izan direnak behartuta egon dira etxeak babes ofizialera bideratzera, baina epe hori bukatu, eta Testa egin da etxeen jabe.

Hainbat familiari martxoaren 31n amaitzen zaie kontratua, eta funtsak horretaz informatzeko bidali zien gutunak bi aukera soilik eskaintzen zizkien: giltzak ematea edo alokairu berria ordaintzea. Gehienek, ordea, ezin zioten aurre egin etxearen ordainketari; batetik, Testak prezioak igo zituelako, eta, bestetik, babes ofizialeko etxeetan bizitzeagatik Nafarroako Gobernuak ematen zien diru laguntza amaitu zitzaielako. Baliabide gutxiko familiak dira kaltetuetako asko, eta etxebizitzen prezioak hirukoiztu egin ziren kasu batzuetan: lehen 250 euro ordaintzen zituztenei 750 eskatzen zizkien Testak. Ikusteko dago Nafarroako Gobernuaren neurri berriak zenbateraino konponduko duen egoera.

Goiak konfiantza du Azora inbertsio funtsean

Donostian, berriz, Azora inbertsio funtsak eman zuen zeresana joan den astean, Gros auzoan 321 etxebizitza erosi zituela eta. Hortaz jardun du, gaur, Eneko Goia alkateak. Azaldu duenez, Azorarekin bildu da, eta esan du funtsak konpromisoa hartu duela «etxebizitzen prezioak dauden bezala mantentzeko konpromisoa». Azoraren asmoa da «indarrean dauden kontratuak mantendu eta errespetatzea». Dena den, «gertatzen denari adi» jarraituko du Goiak.

Bizilagunek joan den asteazkenean salatu zuten Azorak abian jarri duela jada funtsek «etxeak husteko» erabili ohi duten modus operandi-a. Bi modutara egiten dute, nagusiki: batetik, ez dituzte berritzen amaitzen ari diren kontratuak; eta, bestetik, alokairuaren prezioa bertan bizitzen ari direnek ordaindu ezin duten kopuru bateraino handitzen dute. Hutsik geratzen diren etxeak ez dituzte berriz ere alokairuan ipintzen. Hala, etxebizitza horiek turismorako erabil ditzakete funtsek; bai etxebizitza turistiko bilakatzeko, bai hotelak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.