Euskal presoak

Harrerengatik gaur deklaratu duten sei lagunek euren kabuz jardun zirela esan diote epaileari

Ezker abertzaleko sei kidek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute presoen harrerak direla eta. Gainontzeko sei kideek martxoaren 3an deklaratu beharko dute. Sortuk adierazi du «ez dela kasualitatea» atxiloketak eta deklarazioak orain egitea.

Antton Lopez Ruiz Intxaurrondoko polizia etxetik irtetzen, urtarrilaren 22ko atxiloketen ostean, Donostian. JABOGA MANTEROLA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 24a
16:34
Entzun

Euskal presoei harrera egiteagatik deklaratzera deituta zeuden ezker abertzaleko hamabi lagunetatik seik gaur eguerdian deklaratu dute epailearen aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete, besteak beste. Epaitutakoek, ordea, esan dutenez, nork bere kabuz jardun izan dute aldizkako ekitaldietan, «euskal presoen gaiarekin bat egiten dutelako». Are, gehitu dute ez dutela ekitaldi horietan parte hartzeko inoren baimenik jaso. Kalera Kalera dinamikari buruz ere galdegin die epaileak.

Hain zuzen ere, Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Alberto Matxain eta Irati Tobar igaro dira epailearen aurretik. Guardia Zibilak urtarrilaren 22an atxilotutako Sortuko lau kideak, berriz, martxoaren 3an deklaratu beharko dute. Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Antton Lopez Ruiz igaroko dira epailearen aurretik, Juan Mari Olano eta Julen Larrinagarekin batera.

«Ez da kasualitatea»

Sortuk ohar baten bidez plazaratu du bere iritzia, eta, azaldu duenez, ez da kasualitatea egungo egoera. Haren arabera, «inoiz baino adostasun zabalena» dago euskal gizartean espetxe politika aldatzearen alde, eta, beraz, atxiloketek eta deklarazioek, logika judizial bati erantzun ordez, «Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari» erantzuten diote. Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak ere adierazpenak egin ditu, eta adierazi du Espainiako Auzitegi Nazionala «euskaldunak eta katalanak epaitzen aritzen den errepresioaren laborategia» dela. Are, horrek ere Sorturen bide beretik eutsi dio egoerari: «Ez da kasualitatea eskubideen eta askatasunaren bidean pausoak emateko aukerak agertzen direnean estatuko aparaturik ilunenak bide horretan sabotajea egiten saiatzea»

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.