Tortura

1978ra arte Nafarroan tortura «sistematikoa» zela ondorioztatu dute ikerketa batean

EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako Gobernuarentzat landutako lehen txostenak Nafarroako 204 tortura kasu aztertu ditu, eta horietatik 169 egiaztatu. Ana Ollok azaldu du «lehen» urratsa dela eta gehiago sakontzeko konpromisoa dutela.

Ana Ollo torturaren ikerketari buruzko agerraldira bidean, Nafarroako Parlamentuan. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2020ko otsailaren 25a
11:27
Entzun

Oztopoen gainetik, lehen urratsa egin da Nafarroan 1960tik 1978ra bitarteko tortura kasuen ikerketa. Nafarroako Gobernuaren ekimenez, Euskal Herriko Kriminologiaren Euskal Institutuak landutako ikerketa bat egin du. Oraindik kaleratu ez bada ere, azterlanak ondorioztatu du frankismoaren hondarrean eta trantsizioaren hasierako urteetan tortura «sistematikoa eta orokortua» izan zela. 204 kasu aztertu ostean, 169 baieztatu ditu eta 35 baztertu. Martin Zabalza Nafarroako Bake eta Bizikidetza zuzendariak gehiago sakontzeko nahia azaldu du, eta Ana Ollo Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak epea zabaltzeko asmoa agertu du. «Ikerketa osatu nahi dugu. Ez da egia baina egian aurrera egiteko balio du».

Biek agerraldia egin dute parlamentuan, EH BIlduk hala eskatuta. Ikerketak bide zaila izan du aurrean. 2015eko polizia indarkeriaren biktimen legearen babespean, Barkosen gobernuak foru agindu bidez 2017an 30.000 euroko deialdi bat ireki zuen giza eskubideen urraketen ikerketak sustatzeko. Adjudikatutako lanetako bat Kriminologiaren Euskal Institutuarena izan zen, baina Auzitegi Konstituzionalak 2015eko legea baliogabetu ondotik, Nafarroako Justizia Auzitegiak deialdi haren foru agindua ere indargabetu zuen eta Gorenak berretsi. Parlamentuak, iaz, beste lege bat onartu zuen, eta haren aurkako helegitea aurkeztu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek.

Ondorioz, testuinguru horretan, Zabalzak eta Ollok aurrez aurre izan duten lehen oztopo hori nabarmendu dute, eta Navarra Sumari eskatu diote helegite horiek atzera bota ditzatela. Zabalzaren arabera, auzitegien erabakiaren ostean, txostena ikuspegi memorialista eta antropologiko batera mugatu da. Haren edukia parlamentu taldeei pasatu diete ere, eta aurki ezagutaraziko dute, baina edozein arazo juridiko gainditzeko asmoz eta datu pertsonalak errespetatzeko asmoz, izen-abizen batzuk ezabatzen ari dira.

Kriminologiaren Euskal Institutuak landutako azterlana Laura Bego eta Francisco Etxeberria ikerlarien zuzendaritzapean egin da, eta 1960tik 1978ra bitarteko aldia ikertu du. Zabalzaren arabera, hemezortzi urte horietan pertsona ugarik salatu zuten guardia zibil eta poliziek torturatu izana, eta «errepikakorra» izan zen tratu txarrak baliatzea frankismoaren aurka borroka egiten zutenen aurka.

Halaber, garaiko auzitegiek ez zuten ikertzen eta auzi medikuek ez zuten ezer egiten. Epaitegietako gorabeheren ondorioz, ikerlariek epe eta finantza arazoak izan dituztela gogoratu du Zabaltzak. «Ondorioz amaitu gabeko lana da». Txostenak 204 kasu aztertu dituzte eta horietatik 35 baztertu nahikoa datu ez dituztelako bildu. Ondorioz, 169 kasu egiaztatu dituzte Nafarroan. Txostenaren ondorioetan jasotzen denez, 1978tik aurrerako kasuak ikertzeko beharra azaltzen du, baina ondorio horiek irakurtzean Zabalzak  ez du aipatu datu hori.

Dena den, Ollok ez dio atea itxi 1978tik aurrera tortura kasuak ikertzeko aukerari. Olloren arabera, legealdi honetako akordio programatikoa eta iaz onartutako legea hartuko dituzte oinarri. Olloren arabera, torturaren biktimek egiarako eta erreparaziorako eskubidea dute. «Testuinguru politiko desberdinetan gertatutakoaren gaineko begirada kritikoa sustatuko dugu, hori izango da gure gidalerroetako bat».

EH BIlduren eskariz egin da agerraldia. Bakartxo Ruiz parlamentariaren arabera, ikerketa «mugatua» izan da, eta ikerlariek hura garatzeko zer zailtasun material izan dituzten ere aipatu ditu: hala nola zailtasun juridikoak, epe eta finantzaketa mugatua eta ez dela behar bezala iragarri ikerketa bera kasu gehiago biltzeko. Ruizen arabera, «gutxieneko adostasun bat» lortu beharko lukete talde guztiek, eta 1978tik aurrerako tortura kasuak ere ikertu. «Hori ere aitortu beharra dago eta estatuak barneratu behar du tortura ere sistematikoki erabili zela. Ezin da esan horrek segurtasun indarren izen ona zikintzen duela. Demokrazia benetan zikintzen duena da ez aitortzea errealitate hori egon zela, eta biderik ez ematea erreparatzeko». Ruizek gaineratu du torturaren gainean isiltasuna dagoela, eta gogora ekarri du zigortutako polizia ugarik, indultua lortzeaz gain, dominak jaso dituztela.

Geroa Baiko Javi Arakamak nabarmendu du 2015era arte Nafarroako erakunde publikoek ez zutela ezer egin gai horren inguruan, eta Barkosen agintaldian ezarritako bake eta bizikidetza zuzendaritza ezinbesteko erreminta politikoa dela giza eskubideen arloan, bizikidetzaren aldeko lanean. Torturaren kasuan, nabarmendu du isiltasunaren bidez zigorgabetasuna ezarri nahi izan dela eta ikerketaren fokua zabaldu beharko litzatekeela.

PSNko Inma Juriok aipatu du urrats sendoarekin «aurrera» egin behar dela. Gogora ekarri du PSNk bat egin zuela 2018an parlamentuak demokrazia garaian izandako giza eskubideen urraketak ikertzeko onartutako mozio batekin, baina uste du hori guztia «segurtasun juridikoarekin» egin behar dela.

Navarra Sumaren zalantzak

Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariaren esanetan, tortura «krimen nardagarria da, eta ikertu egin behar da kosta ahala kosta». Halaber, uste du beharrezko dela atzera begiratzeko ausardia, eta frankismoan tortura «ohikoa» zela aipatu du. Dena den, Kriminologiaren Euskal Institutuak «lan txarra» egin izana kritikatu du, eta ikerlarien partzialtasuna salatu du. Lana egin aurretik, 2012, Francisco Etxeberriak egindako adierazpen batzuk oinarri hartuta, auzi mediku ona baina objektibotasunik gabekoa izatea aurpegiratu dio. Iriarteren ustez, metodologia ez da egokia izan, eta hautatutako psikologoen gaineko zalantza agertu du. «Azterlan iluna» dela deritzo, eta txostenean aipatzen diren garaiko Guardia Zibilaren koronel bat ETAk erail zuela gogorarazi du. Haren familia iraindua senti daitekeela uste du.

Ollok erantzun dio unibertsitateko epaile baten moduko iritzia eman nahi izan duela, eta bera ez dela sartuko halako ebazpenetan. Aipatu du Nazio Batuen baieztapen baten arabera txostenak aurrera egiten lagunduko duela. Dena den, taldeetako eledunen hitzak entzunda, «pozik» agertu da gutxieneko adostasun bat lortzeko aukera ikusi duelako kontseilariak. Talde guztiek azpimarratu dute tortura justifikaezina dela, eta iragana ikertzeko ausardia behar dela. «Ezin gara hor geratu, ordea. Ez soilik nazioarteko arauek hala agintzen digutelako, konpromiso etikoagatik baizik».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.