Hauteskundeak

Miren Gorrotxategi izango da Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia

Rosa Martinezek baino boto gehiago bildu ditu alderdiko kideen artean egindako bozketan. EAEko buruzagitzaren babesa Martinezek zuen.

Miren Gorrotxategi, bere hautagaitzaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
jon olano
2020ko otsailaren 27a
10:11
Entzun

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, primarioak egin ditu Ahal Dugu-k, Elkarrekin Podemos koalizioaren lehendakarigaia nor izango den erabakitzeko. Prozesu horretan bi hautagai lehiatu dira: Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi, eta herenegun amaitu zen afiliatuek botoa emateko epea. Gorrotxategi izan da nagusi; botoen %56 eskuratu ditu, eta Martinezek, berriz, %43.

Gorrotxategik Espainiako Kongresuan eta Senatuan garatu du bere ibilbide politikoa, azken bost urteetan. Hain justu, Madrilgo zuzendaritzak babestutako hautagaitzat aurkeztu du bere burua, eta, hautagaitza aurkeztu zuenetik, alboan izan ditu Espainiako Gorteetan diharduten diputatuak: Pilar Garrido, Juantxo Lopez de Uralde eta Roberto Uriarte. 2017an, Ahal Dugu-ren idazkaritza nagusirako hautagaitza aurkeztu zuen, baina Lander Martinezek eskuratu zuen kargua.

Abadiñokoa da (Bizkaia), eta 52 urte ditu. Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Zubiak izena izan du haren hautagaitzak, horiek eraiki nahi zituelako primarioetara aurkeztutako sektoreen artean eta gizartean: «Zubi lana egiteko indar bat izan behar du Ahal Dugu-k, etxe barruan zein kanpoan».

Gorrotxategik Rosa Martinez zuen arerio, EAEko zuzendaritzak babestutako hautagaia. Besteak beste, Rosa Martinezek Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusia lagun zuela aurkeztu zuen hautagaitza, eta primarioak galdu izanak ataka zailean jarri du EAEko zuzendaritzaren posizioa.

Gorrotxategi, esker oneko

Lehendakarigaiak, sare sozialetan, eskerrak eman dizkie «primarioetan parte hartu duten pertsona guztiei, Podemos demokraziaren eta gardentasunaren erreferente gisa eraikitzeko» lanean aritzeagatik.

Rosa Martinezek, berriz, amaitutzat jo du Elkarrekin Podemosen eginiko ibilbidea —taldearen koordinatzailea zen Eusko Legebiltzarrean—. Uste du «aro polita» izan dela eta «lan handia» egin dutela, «akordioak lortuta eta Elkarrekin Podemos euskal politikaren eragile zentral bihurtuta». Martinezen esanetan, hori posible izan da talde parlamentarioaren lan «bikainari» eta alderdiko zuzendaritzaren mailari esker: «Etxeko lanak eginda eta lorpen garrantzitsuak erdietsita goaz». Lehendakarigai izateko nahikoa babes lortu ez arren, esker onez mintzatu da Martinez, eta zorte ona opa dio Gorrotxategiri, Ahal Dugu-ren proiektua «baliagarria eta garrantzizkoa» izan dadin euskal herritarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.