Noiz sortua: 2020-03-02 09:42:39

Esako urtegia

Presak berriz piztu du herritarren sumina

Zangozako eta inguruko herrietako bizilagunen kezkak gora egin du, Esako lanen inguruko azken azterketen berri izan eta gero. Urtegian helmuga izanen duen martxa batera deitu dute apirilaren 19rako, handitze obrak gelditzeko eskatzeko.

Esako urtegiko presa handitzeko lanak, artxiboko irudi batean.
Esako urtegiko presa handitzeko lanak, artxiboko irudi batean. idoia zabaleta / foku

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza -

2020ko martxoak 2

Urteak dira Esako urtegiaren auzia hasi zela, eta ez dirudi, oraindik behintzat, laster konpontzekoa denik. Beste behin, instituzioak, enpresak eta Esako ingurumarietako herritarrak ez datoz bat. Urtegiaren eskuin magalean pitzadura berriak agertu direla salatu dute hainbat plataformak berriki. Azpiegituraren egoerari buruzko azken azterketaren gainean Nafarroako Gobernuak egin duen interpretazioak, ordea, ez du adierazten egoera larritu denik. Dena dela, txostenean hainbat gomendio daude bilduta, segurtasuna ziurtatzeko neurriak areagotu daitezen. Kontraesan horietaz kexu dira herritarrak.

Abenduan aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak urtegiaren egonkortasunari eta segurtasunari buruzko azken ebaluazioa jasotzen duen txostena. Geoconsult España enpresak egin du ikerketa, joan den legealdiko gobernuak eskatuta. Urtarrilean, Javier Remirez presidenteordeak argitara atera zituen ondorioak. Haren esanetan, txostenak adierazten du Esako urtegiaren eskuin magala «oreka hertsian» dagoela. Gaineratu zuen detektatutako lur mugimenduek ez dutela baldintzatuko urtegia handitzeko proiektua.

Lanekin jarraitzeko, hala ere, beharrezkotzat jo dituzte hainbat segurtasun neurri, eta hala igorri dizkio gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari joan den astean Zaragozan egindako bileran. Zehazki, urtegiaren magalaren barrenaldeko drainatze sistema hobetzeko neurriak proposatu dira, baita gainaldea egonkortzeko eta lur-irristatzeak txikiagotzeko beste batzuk ere, batik bat. Konfederazioko arduradunek aditzera eman dute Nafarroako Gobernuaren aholkuak «ebaluatuko» dituztela, eta «arrazoizkotzat» jotzen dituzten neurri horiek ezarriko dituztela.

Ebroko Ur Konfederazioak, baina, kontra egin die herritarrek urtegian agertu diren azken pitzadurei buruz egindako adierazpenei. Konfederazioak esan du aurkitutako pitzadurak «azaleko ezegonkortasun lokal batzuei» dagozkiela «soilik», eta are gehiago, arduradunek adierazi dute ez direla berriak. Pitzadura horiek duela lauzpabost urte agertu zirela diote, 2015tik jakinaren gainean daudela, eta tentuz erreparatu dietela. Lanen aurkako plataformek irmoki ukatu dute hori hala denik.

Gerta daitekeena buruan

Herritarrak eta aspaldi Esako urtegiaren handitze lanen aurka borrokan ari diren hainbat plataforma bereziki sumindu ditu Konfederazioaren eta gobernuaren beraren jarrerak. Urtegiaren egoera «makillatzen» saiatu izana leporatu diete. «Egoera larri honen berri emateko darabilten normaltasun tonuak agerian uzten du, beste behin, haien arduragabekeria», salatu dute Esa gehiago ez, lanak gelditu plataformakoek.

Are gehiago, esan dute pitzadurak ez direla arazoaren muina, «ezegonkortasunaren sintoma» baizik. Azaldu dutenaren arabera, 2013ko euri jasa handiez geroztik ez da hain sakontasun handiko pitzadurarik aurkitu azpiegituran. Gogora ekarri dute orduan 103 etxebizitza desjabetu egin behar izan zituztela egoerak eragin zuen arriskua zela eta.

Urtegia handitzeko proiektua «hondamendia» dela defendatzen segitzen dute bizilagunek. Urteetan, manifestazioak eta protestak ugari izan dira, baina ez dute jarrera aldaketarik antzeman auziaren inguruan. Erabaki guztien atzean «interes politikoak» daudela argudiatu dute hainbatetan, eta «ez entzunarena» egin dietela, «ingurumenarentzat eta bizilagunentzat izan ditzakeen arriskuak aintzat hartu gabe». Handitze lanak amaitzera iritsiko balira, mila milioi tonako ur edukiera izanen luke Esako urtegiak.

Herritarrek beren kezka azaldu dute larrialdi egoera batean zer gerta litekeen imajinatuta. Izan ere, gaur egun, oraindik ere, oso argibide gutxi jaso dituzte urtegitik ura aterako balitz egin behar luketenari buruz. Esan dietenaren arabera, alarma seinale bat adituko litzateke, eta 30 minutu inguru izango lituzkete alde egiteko. Ez dakite nola.

Urtarrilaren 4an egin zuten protesta azkenekoz bizilagunek, urtegiaren segurtasunaren gaineko azken azterketaren emaitzak ezagutu ondotik. Ehunka lagun bildu ziren Zangozan, aldarrikapen bera ahotan: segurtasuna, gardentasuna eta ardura eskatu zituzten, eta lanak gelditzeko, enegarrenez.

Jarrera aldatu dezala galdegin diote Ebroko Ur Konfederazioari, eta Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroari ailegarazi diote eskaera, berak baitu konfederazioaren gaineko kontrolaren eskumena. Haren ministerioak «uraren kultura berriarekin» duen konpromisoa erakuts dezan eskatu diote, eta beste bide batzuk proposa ditzala egoerari aurre egiteko.

Azpiegitura handitzeko lanak geldiarazteko eskatzen jarraituko dutela defendatu dute plataformek, eta gaineratu dute Madrilera ere joko dutela, beharrezkoa bada.

Ez litzateke lehendabiziko aldia, hain zuzen ere. 2016. urtean, Espainiako Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratze bat egin zuten urtegia handitzeko lanen aurkakoek. Orain, eman beharreko hurrengo pauspoak zein diren definitzeko lanean ari dira, eta data bat dute aurreikusita: Esako urtegia helmuga izanen duen martxa bat antolatzen ari dira datorren apirilaren 19rako.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak ohartarazi du ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jende pilaketak saihesteko eta hondartzen erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Aisialdirako bada, garraio publikoa ez erabiltzeko eskatu du, «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Eguneko udalekuak baimenduko dituzte hirugarren fasean Hegoaldean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertuko dira. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna