Euskal presoak

Ezker abertzaleko beste sei kidek deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal presoen harreren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Haimar Altuna, Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga. Frantziak apirilaren 29ra atzeratu du Josu Urrutikoetxearen aurkako eskaeren ebazpena.

Xabier Ugarte euskal presoaren harrera ekitaldia, iazko uztailean, Oñatin (Gipuzkoa). GORKA ESTRADA / EFE
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 3a
14:18
Entzun

Euskal presoen harreren auzian Manuel Garcia Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu eta etxerako bidean dira Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Haimar Altuna, Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga ezker abertzaleko kideak. 2016-2019 artean Hego Euskal Herrian eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete, eta terrorismoa goratzea eta ETAren biktimak umiliatzea. Epailea ikertzen ari da ea horretarako azpiegitura bat sortuta zeukaten. Lopez Ruizek-eta esan dute euskal preso ohi direnez badutela harremana Kalera Kalera dinamikarekin, eta, terrorismoa goretsi eta ETAren biktimak umiliatu gabe, espetxe politika salatzea eta euskal presoen giza eskubideak aldarrikatzea dela haien helburua, baina gaineratu dute ez dutela ardurarik Kalera Kalera-n, hura ez delako entitate bat.

Ezker abertzaleko sei kideek uko egin diote fiskalaren eta Dignidad y Justicia, Covite eta AVT akusazio partikularraren galderei erantzuteari. Defentsa abokatuaren itaunak baino ez dituzte erantzun, eta esan dute harrera horietako batzuetan izan zirela, baina euskal preso ohi moduan izan zirela, eta, kasu batzuetan, tokian tokira heldutako preso ohiarekin harreman pertsonala dutelako. Aiert Larrarte aritu da Lopez Ruiz, San Vicente, Altuna eta Olanoren abokatu lanetan, eta Oscar Sanchez Setien izan da Garmendia eta Larrinagaren abokatua.

Joan den astean ezker abertzaleko beste sei lagunek deklaratu zuten, auzi horretan bertan: Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Alberto Matxain eta Irati Tobarrek.

Ikerketak aurrera jarraitzen du.

Josu Urrutikoetxearena, apirilera atzeratua

Frantziako Dei Auzitegia bihar zen ebazpena ematekoa Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurka Espainiako Estatuak eskatutako bi euroagindu —herriko tabernen auzia eta Madrilgo Barajasko 2006ko hilketak— eta estradizio —Luis Herguetaren hilketa, 1980— eskaerez, baina joan den urtarrileko saioan epaileak eskatutako informazio gehigarria ez da behar beste iritsi Madrildik, eta auzitegiak apirilaren 29ra atzeratu du ebazpena emateko saioa.

Urtarrilaren 8an, auzitegi hori bera Zaragozako (Espainia) kuarteleko 1987ko atentatuagatik Urrutikoetxea Espainiaratzearen alde agertu zen, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen Kasazio Auzitegian. Baliteke hurrengo asteetan ebaztea. Hala ere, kasua estradizio eskaera denez, Frantziako Gobernuak izango du azkeneko hitza —eperik ez du horretarako—.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.