gertaera

Iruñeko kalejirako aferako gazteek ez dute deklaratu Poliziaren aurrean

Kasua Iruñeko Epaitegira pasatuko da orain. Espainiako Poliziaren furgoneta batek 14 urteko neska bat harrapatu zuen inauterietan.

Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak deitutako elkarretaratzea, otsailaren 22an, Udaletxe Plazan. BERRIA
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 4a
16:19
Entzun

Iruñeko inauterietako kalejira bateko aferagatik Espainiako Poliziak bere egoitzara deitutako zazpi gazteek uko egin diote haren aurrean deklaratzeari, eta kasua Iruñeko Epaitegira pasatuko da orain. Epaileak erabakiko du auziarekin jarraitu ala ez. Poliziak «desordena publikoak» eragitea egotzi die zazpi lagunei —17 eta 23 urte artean dituzte; adingabeak dira gehienak—.

Otsailaren 21ean, Alde Zaharreko kalejira batean, Poliziaren furgoneta bat San Frantzisko plazan sartu zen abiada bizian, eta 14 urteko neska bat harrapatu zuen, lekukoen arabera; komisariatik pasatu ostean, gaztetxoa erietxera eraman zuten. Astebete egin zuen ospitaleratuta. Hura ez da gaur Poliziak Chinchilla jeneralaren kalean daukan egoitzan izan diren zazpi lagunetako bat.

Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatuta, elkarretaratze bat egin zuten gertaeraren biharamunean, Udaletxe plazan, eta AZ Ekimenak auzoko batzar batera deitu du etziko (18:30, Kale Nagusia, Plazara!). «Inauterietan polizia auzoan sartzea ez da nolanahi pasatzen utzi behar. Auzokideon artean solastatu eta erantzun bat eman behar dugu», esan du.

EH Bilduk eskatu zuen Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Jose Luis Arastik agerraldi bat egin zezala, baina Arastik uko egin dio azalpenak emateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.