bakegintza

Foro Soziala: «Euskal gizarteak urrats sendoak egin ditu bizikidetza eraikitzeko»

Azkeneko urteetan «aurrerapenak» lortu direla adierazi du, baina badirela «askatzeko korapiloak»: biktima batzuen «diskriminazioa» amaitzea, «salbuespenezko» espetxe politika desaktibatzea eta memoria «barneratzailea» bultzatzea.

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozialeko eledunak, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 10a
13:19
Entzun

EAEko legealdiaren balantzea egin du Foro Sozial Iraunkorrak, Donostian, eta uste du lau urte hauetan aurrera egin dela bakegintzan. «Euskal gizarteak, bere osotasunean, urrats sendoak egin ditu bizikidetza eraikitzeko bidean». Hala esan dute Agus Hernan eta Nekane Altzelai foroko eledunek, prentsaurreko batean. 2012-2016ko legealdia «etsigarria» izan zela adierazi dute, baina azkenekoa «aprobetxatu» dela «aurrerapenak» lortzeko. Horien artean aipatu dituzte, besteak beste, ETAren armagabetzea eta desegitea, egungo espetxe politika gainditzeari buruzko adostasunak, eta «bizikidetza demokratikoari» buruzkoak. Baina ikusten dituzte oraindik «argi-ilunak»; batik bat, bi: Espainiako gobernu berriak ere ez du aldatu kartzela politika, eta Eusko Legebiltzarrean «blokeatuta» dago Memoria lantaldea.

Foro Sozialaren ustez, azkeneko lau urteetako aurrerapen horietan «gizarte zibila erabakigarria» izan da, «eta konponbiderako euskal eredu zibila nazioarteko eragileen artean ikasgaia da». Halaber, nabarmendu du «adostasun politiko, sindikal eta sozial berriak» sortu direla, lehen «imajinaezinak zirenak».

«Korapiloak askatzeko» garaia dela deritzo, eta, nagusiki, hiru direla askatu beharrekoak: «Biktimen arteko tratuan diskriminazioa amaitzea»; «salbuespenezko espetxe politika behin betiko desaktibatzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea», eta «memoria kritiko barneratzailea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena».

Altzelaik eta Hernanek azaldu dute Euskal Herrian baldintza onak daudela adiskidetzea erdiesteko. «Adituek diote konponketa prozesu askotan bi belaunaldi pasatu behar direla adiskidetzerako. Hemen oso litekeena da belaunaldi bat nahikoa izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.