Euskal presoak

Espainiako Estatuko kartzeletako bisita oro kentzen hasi dira

Castello I espetxean hartu dute horrelako lehen neurria, eta ezingo da izan mintzategiko bisitarik ere.

Castello I kartzela.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 13a
13:01
Entzun

Koronabirusa gaitza dela eta, Espainiako Espetxeetako Erakundeek kartzeletan bisita oro kentzeko lehen neurria hartu dute: Castello I-n (Herrialde Katalanak). Halako neurri gehiago hartuko direla espero da. Sei euskal preso daude han gaur egun. Castello II-n zazpi euskal preso dira, baina han oraindik ez dituzte mintzategi bisitak kendu.

Atzo arratsaldean Espetxeetako Erakundeek jakinarazi zuten estatuko kartzela guztiak bakartzea erabaki zuela, Kataluniakoak salbu, haien kudeaketa Generalitatearen esku baitago. Eguerdira bitartean hamasei espetxe zituen bakartuta, koronabirusa zabal ez dadin: Zaballakoa (Araba), Madril ingurukoak, Logroñokoa, Burgosekoa eta Santoñakoa. Neurriaren arabera, presoek ezingo dute jaso bisean bisekorik; soilik mintzategikoak, tartean beira bat dela. Abokatuak ere mintzategi bidez izango dituzte harremanak presoekin neurriak irauten duen bitartean. Castello I-n, baina, bisita modu hori ere kendu dute.

Hego Euskal Herriko espetxeetan lau euskal preso daude, eta estatuko besteetan, berrehun pasatxo.

Etxerat-ek bertan behera utzi du asteburu honetan Andaluziako (Espainia) espetxeetara joateko autobusen irteera, eta Mirentxin furgonetena ere bai. Halaber, aurrez deituta zeuzkan ekitaldiak bertan behera utzi ditu, ohar batean esan duenez. Etzi Getxo (Bizkaia), Algortan, urrunketaren aurka egitekoa zen ekitaldia ez du egingo. Kanpezun (Araba) bihar egitekoa zen Lasterbidean, berriz, atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.