Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Apirilaren 5a

Apirilaren 5era aurreratu ditu

Urkulluk adierazi du hauteskundeak aurreratzeak mesede egingo diola «euskal gizarteari». Espero da uda hasierarako osatzea legebiltzarra. Alonso da PPren lehendakarigaia

Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako bere sailburuekin, atzo arratsaldean egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu ditu, eta apirilaren 5ean egingo dira. Berez, urrian ziren egitekoak. Jaurlaritzako sailburuek lagunduta, atzo egin zuen agerraldia horren berri emateko, Gasteizen. Adierazi zuen egungo egoeraren azterketa «partekatua eta sakona» egin ostean erabaki duela bozak aurreratzea. Are, gaineratu zuen lau izan direla erabakia hartzeko arrazoi nagusiak. Hauteskundeen ostean, berriz, espero da gobernu berria uda hasieran eratuta egotea eta hark erantzutea etorkizunean egongo diren «erronka estrategikoei».

Lehendakariaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskunde giroa jada hasi da nagusitzen. Adierazi zuen Eusko Legebiltzarrean «hasi den dinamikak» ere zaildu egingo duela izapidetzen ari diren lege proiektuak eta proposamenak onartzea. Guztira, 29 dira jasota dauden egitasmoak, baina Urkulluk aitortu zuen horietako gehienak ezingo direla onartu, «ziurrenik». Beraz, haren ustez, hauteskundeak apirilean egiteko erabakiak «euskal gizarteari» egingo diomesede: «Datozen zortzi hilabeteetan hauteskunde kanpaina iraunkor bat aurrezten diogu gizarteari, bi hilabetetara bakarrik murriztuta». Gaineratu zuen era horretan errazagoa izango dela etorkizunean egongo diren «erronka estrategikoei» erantzutea.

Hauteskunde egunaren ostean «etapa berri bat» hasiko dela ere esan zuen Urkulluk: «Bozek aukera emango dute Jaurlaritzaren programa eta kudeaketa orain gutxi eratu diren udalen eta diputazioen errealitate instituzionalekin lerratzeko». Are nabarmendu zuen posible izango dela, udalekin eta diputazioekin ez ezik, Espainiako Gobernuarekin eta Europako «fase berriarekin» ere lerrokatzea. Beraz, espero da uda amaierarako martxan egotea legebiltzarra, eta horrela, 2021erako ekonomia eta aurrekontuen gidalerroak onartu ahal izatea.

«Aro berriaren norabidea»

Urkulluren ustez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara orain deitzeak «praktikan urte erdi irabaztea» dakar. Hain zuzen ere, adierazi zuen apirileko bozek aukera emango dutela gobernu berria osatzeko eta etorkizuneko hiru erronka estrategiko nagusiei erantzuteko. Erronka teknologikoa, energetikoa eta klimatikoa, eta demografikoa eta soziala izan zituen gogoan. Funtsean, gehitu zuen herritarrek bi hilabetean erabakiko dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «aro berriaren norabidea».

Bien bitartean, ordea, jakinarazi zuen Jaurlaritzak bere jardunarekin jarraituko duela: «Euskal gizarteak izan dezala bermea eta segurtasuna Jaurlaritzak normaltasun osoz jarraituko duela lanean, orain arteko eskakizun eta zorroztasun berberarekin». Besteak beste, nabarmendu zuen 2020ko aurrekontuak onartuta daudela, eta gauzatzen ari direla.

Urkulluk ez zuen argitu nahi izan bera izango ote den EAJren hautagaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Adierazi zuen erabaki hori hartzea alderdiari dagokiola, eta ez zuen erabaki horren berri emateko datarik eman. Alderdi batzuek, ordea, jada badituzte haien hautagaiak. Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia izango da, eta Twitter bidez eman zuen hauteskundeen inguruko iritzia: «Prest eta itxaropentsu gaude erronka honi aurre egiteko, eta azkenaldian dugun goranzko joerarekin jarraitzeko. Herri honi eskuko frenoa kendu eta martxan jartzea lortuko dugu guztion artean». Alderdiak gaur emango ditu xehetasun gehiago, Bilbon.

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak ere hitz egin zuen. Azaldu zuen Urkulluk hartutako erabakia «errespetatzen» duela,eta hauteskunde hauek bidea emango dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «modu politiko berria» eraikitzeko etas «erronka berriei» erantzuteko.

Amaia Fernandez PPko idazkari nagusiak egin zuen alderdiaren lehen balorazioa, eta esan zuen Urkulluk hauteskundeak ez dituela herritarrengatik aurreratu, baizik eta «berarengatik eta bere alderdiarengatik». Gerora, iluntzean bertan Genovak baieztatu zuen Alfonso Alonso izango dela EAEko PPren lehendakarigaia.

Ahal Dugu-k ez du lehendakarigairik hautatu. Lander Martinezek, ordea, ez zuen ongi hartu berria: «Ez zen beharrezkoa hauteskundeak aurreratzea; lehendakariak nahiago izan du interes propioei begiratzea eta legegintzaldia amaitutzat ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.