Itxialdia euskaraz goxatzeko 50 proposamen

Etxean jolasteko, ikasteko, irakurtzeko, ikusteko eta entzuteko dozenaka aukera daude sarean. Konfinamendua indarrean izango den denboran, euskaraz goxatu eta aberastu liteke aisialdia, eta horretarako 50 erreferentzia baino gehiago bildu ditu BERRIAk.

JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko martxoak 15

BERRIA Aretoa sortu du kazeta honek, kulturgileei plaza bat emateko, koronabirusaren eraginez kultur ekitaldi guztiak bertan behera geratu direnez. Egunero, bi saiotan, eguerdian eta iluntzean, era guztietako sortzaileak ari dira bideo bidez emanaldiak egiten: musikariak, ipuin kontalariak, antzezleak, umoristak... Baina ez da BERRIArena izan ekinbide bakarra. Musika talde asko streaming bidezko kontzertuak ematen hasi dira; bertsolariek bertso plaza digital bat ere probatu dute; euskal hedabide ugari ari dira kultur sortzaileei aukerak eskaintzen.

Konfinamenduaren aro honetan kulturarentzat bide berriak urratzen ari diren arren, lehendik ere badira plataforma ugari euskarazko eskaintza zabaltzen dutenak, bai umeentzat, bai helduentzat. Jolasteko, ikasteko, irakurtzeko, entzuteko, ikusteko, dantzatzeko... Baliabide sorta bat da hau, itxialdia euskaraz goxatzeko.

 

Ikasteko

Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak ekinbidea sortu du. Gaztetxoei esperimentu sorta bat proposatzen diete hilero, egunean behin egiteko esperimentuak egiteko eta gauza berriak ikasteko.

 

Kirola egiteko

• Uemak web orri batean bildu ditu etxean kirola egiteko euskarazko dozenaka baliabide, tokiko komunikabideek itxialdian sortu dituztenak gehienak.

 

Umeekin jolasteko eta entretenitzeko

Umeekin etxean jolasteko 70 ideia bildu ditu Axular lizeoak.

Urtxintxak ere dozenaka jolas eta kantu bilduta dauzka bere atarian.

Hitzketa atarian haurrentzako ipuinak, olerkiak eta kantak biltzen dituzte, baita horiek lantzeko proposamen didaktikoak ere.

Euskal Irratiek umeentzako irratsaio bat egingo dute astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 11:00etara. Sarean ere entzun liteke zuzenean.

Ene Kantak taldekoek ETB3n ematen dituzten saioen bideoak banaka ikus litezke sarean.

Guraso.eus atarian umeekin etxean egiteko dozenaka ideia dituzte, tartean baita errezetak ere.

Aiaraldea.eus-ek #EtxeanGoxo izeneko atal berezia sortu du. Kokoriko Hezkuntza Faktoria umeekin ikusteko eta egiteko proposamenak egiten ari da, bideoekin.

Jolasak.eus atarian bilduta dauzkate zenbait jolas.

Kimutx.eu atarian umeentzako ipuinak, kantak eta zenbait baliabide eskaintzen dituzte.

EITB Hiru katearen webgunean ere badira zenbait jolas umeentzat, eta baita margotzeko marrazkiak eta eskulanak egiteko tutorialak ere.

Irribarrez-ek ere baditu margotzeko zenbait marrazki koaderno.

 

Irakurtzeko

• Eusko Jaurlaritzak ireki egin du eLiburutegia. Ehunka liburu eskuratzeko aukera ematen du. Izena eman behar da erabiltzeko. 20.000 liburu eta audioliburu daude eskuragarri adin eta gustu guztietarako: eleberriak, poema liburuak, komikiak, hizkuntza ikasteko mailakatutakoak eta haurrentzako literatura. Nafarroako Gobernuak ere ireki egin ditu bere baliabide guztiak, eBiblio atalean.

Susa argitaletxeak bere funtsetako liburua ia guztiak sarean eskaintzen ditu, PDF eta EPUB formatuetan eskuratzeko moduan.

• Horrez gain, Susa argitaletxearen inguruan antolatu da eduki sare zabal bat, Armiarma.eus atarian: literatura unibertsaletik euskara itzulitako lanak eta euskal literaturako klasikoak deskargatzeko gune bat, ipuinen biltegi bat, euskarara itzulitako lanen biltegi bat, euskarazko literatur lan klasikoen biltegi bat, euskal prentsa historikoaren hemeroteka, literatur aldizkarien gordailua, eta beste gauza asko.

Jakin-ek pentsamenduari hegalak emateko artikulu eta baliabide ugari eskaintzen ditu bere webgunean.

• Beste argitaletxe askok ere ematen dute liburuak online erosteko aukera: Elkar, Pamiela, Alberdania, Erein, Txalaparta, Katakrak...

Udako Euskal Unibertsitateak euskarri digitalean eskaintzen ditu bere argitalpenak.

Booktegi.eus-ek eskaintzen ditu hainbat liburu.

Zientziari buruzko berriak eta artikulu landuak biltzen ditu Elhuyarrek bere aldizkarian. Ez soilik aldizkarian, Zientzia.eus atarian eduki gehiago eskaintzen ditu, ezagutza arloen arabera antolatuta.

• Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen aldizkari digitala da Zientzia Kaiera.

• BERRIAn bertan, Oroiteria webgune berezian ikasi liteke 1936ko gerrari buruz, beste eduki askoren artean. Adibidez, koronabirusari buruz azkeneko asteetan argitaratutako artikulu, elkarrizketa eta erreportajeak bilduta daude hemen.

 

Ikus-entzuteko

Berria Telebistaren kanalak egunkari honek landutako erreportajeak, analisiak, mahai inguruak, bideokronikak eta abar ikusteko aukera ematen du.

Hamaika Telebistak, etxeko telebistan ez ezik, sarean ere eskaintzen ditu bere bideoak eta programazioa, bai zuzenean ikusteko, bai nahieran ikusteko.

Kanaldudek ere ematen du bere saioak nahieran ikusteko aukera, saretik.

Bertsoa.eus atarian bertsolaritzaz gozatzeko aukera zabala ematen du: bertsoari buruzko berriak jakinaraztean gainera, ehunka eta ehunka bertso saio ikus-entzuteko aukera ematen du, bideoekin.

Ganbara.eus atarian dozenaka film luze eta labur ikus litezke, kasu batzuetan osorik ere bai. Konfinamendua hasi denetik, zenbait produktore eta egile hasi dira beren sormen lanak irekian eskaintzen, adibidez, Txintxua Films.

• Sortzaile askok heldu diote erronkari, beren sorkuntzak doan eskainiz. Doxa Producciones-ek ere hala egin du (adibidez, Aitor eta biok), eta baita Fermin Muguruzak ere. Topatuk ere irekian jarri du Zizelkariak dokumentala, eta Ane Irazabal kazetariak Awlad dokumentala ere bai.

Kimuak plataformak film laburrak eskaintzen ditu Vimeoko bere kanalean. Aurtengo edizioak pixkanaka osorik jartzea erabaki du, konfinamendua hasi denetik.

Dapa ikus-entzunezkoetan euskal sortzaileak beren lana azaltzen ari dira.

Euskadiko Filmategiak bere funtsetako hainbat grabazio ikusteko modua eskaintzen du sarean.

Argia astekariak Multimedia kanal bat badauka, non euskarazko ikus-entzunezko sareko produkzio oso zabala biltzen duen: dokumentalak, erreportajeak, solasaldiak, telesail digitalak... Era askotako ehunka titulu bilduta dauzka hor.

Eusko Jaurlaritzaren eLiburutegiak ere ehunka film eta telesail ikusteko aukera ematen du. Izena eman behar da erabiltzeko.

Filminek orain berri sortu du euskarazko kanal bat. Euskarazko fikzioa, dokumentala, marrazki bizidunak eta beste eskaintzen ditu.

• Booktegik badu Elkarrizkatea izeneko sortzaileen arteko elkarrizketa sorta bat, bideoan, eta literatur sortzaileei egindako elkarrizketen atal bat.

ETBren EITB Kultura saio osoak ikus litezke hemen. Eta Artefaktua telebista saioaren programak hemen.

Euskal Encodings-ek marrazki bizidunen telesail mordoxka bat dauzka bilduta hemen. Marrazkiez aparte, filmak eta dokumentalak ere eskaintzen ditu, euskaraz azpidatzita.

Ahotsak.eus atarian Euskal Herriko 6.000 lagun baino gehiagoren bizikizunak eta euskalkiak bildu dituzte.

• Artedrama antzerki konpainiak sarean jarri ditu bere hainbat antzezlan ikusgai, osorik: Francoren bilobari gutuna, Zazpi senideko, Hamlet, Hozkailua eta Errautsak.

• Tartean Teatroa antzerki taldeak bere hainbat antzezlan jarri ditu sarean, osorik ikusteko moduan: Ghero, Lingua Navajorum, Zergatik Jamil?, Ez dok hiru eta Pankreas.

• Tabalerak, itxita dagoenez, sareetan jarri du #TabakaleraEtxean ekinbidea. Han egindako zenbait hitzaldi eta baliabide jarri ditu eskura.

 

Entzuteko

Badok euskal musikaren atariak biltzen ditu euskal musikaren historia, oraina eta etorkizuna, eta euskal talde gehienen kantuak entzuteko aukera ematen du.

BERRIAren podcasten atalean entzun daitezke Berria FM saioa, Ane Irazabalen Zaitun, Kirmen Uriberen New Yorkeko munduak eta Badoken Dunbala.

• Konfinamenduaren garaian ekinbide berri bat sortu da bertsoa plazara ateratzeko: Etxetik etxera izena du, eta itxialdiak iraungo duen garaian, ostiralero, 18:30ean, bertso saio bat egingo dute, zuzenean. Martxoaren 20an egin zuten aurreneko saioa. Instagrameko kontu honetan aurki liteke informazio gehiago: EtxetikEtxera.

Arrosa irratien sarearen webguneak euskarazko irrati libre, komunitario eta txikien programa asko entzuteko aukera eskaintzen du.

ZuZeu atariak podcastak sortzeko bideari ekin dio azkeneko urteotan. Sorta zabal bat ari da osatzen.

Xerezaderen artxiboak aukera ematen du literatur pieza batzuk entzuteko euskaraz.

Sarean.eus atariak hainbat podcast eskaintzen ditu, eta ingurune digitalari buruzko artikuluak ere biltzen ditu.

 

Jolasteko

Gamerauntsia atariak euskarazko bideojoko sorta bat eskaintzen du.

Ahotsak.eus-ek badu aplikazio bat, euskalkien inguruan jolastuz ikasteko.

AtopiaRPG rol jokoaren sortzaileek askatu egin dute liburua, eta nahi duten guztien eskura jarri dute.

 

Kantatzeko, dantzatzeko...

Dantzan.eus atarian ari dira bideo sorta bat egiten, Eutsi Dantzan izenekoa. Fandangoa, arin-arina, zortzikoa, jauziak... eta beste dantza askori buruzko jakingarriak eta ikastaro txikiak ematen ari dira horietan.

Gabi de la Mazak ehunka bideo ditu Youtuben, euskarazko azpidatziekin, karaoke gisa kantatzeko.

Izaskun del Cerro zumba ikastaroa ematen ari da Aiaraldea.eus atarian.

 

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere dozenaka baliabide bildu ditu web orri batean, horietako batzuk agertzen dira zerrenda honetan, baina beste batzuk ez.

EKE Euskal Kultur Erakundeak dozenaka aukera eta jakingarri eskaintzen ditu sarean Ipar Euskal Herriko kultur mugimenduari eta ondareari buruz.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Uztailaren 17tik abuztuaren 6ra diskoteka horretan izan zirenek egin beharko dute testa.

Kotte Ezenarro. ©Guillaume Fauveau

Epidemiari buruzko informazio «fidagarriagoa eta lokalizatuagoa» galdetu du Ezenarrok

Oihana Teyseyre Koskarat

Hendaiako (Lapurdi) auzapezak salatu du Frantziako Estatuko zerbitzuek epidemiari buruzko daturik ez diotela eman. «Sekretuaren kultura» arriskutsua izan daitekeela esan du.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren agerraldi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Eragile guztiekin biltzeko eskatu diote Jaurlaritzari EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Berria

Ardura herritarren esku uztea egotzi dio Arnaldo Otegik Murgari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna