Euskal presoak

Brievako kartzelak ziegan gelditzea onartu die Marixol Iparragirre eta Lola Lopezi

Koronabirusaren krisia dela eta, telefonoz deitzera soilik aterako dira ziegatik. Gorka Fraile espetxetik kanpo egongo da apirilaren hasiera arte.

Brievako (Espainia) kartzela.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 23a
16:11
Entzun

Marixol Iparragirre eta Lola Lopez Brievako (Espainia) espetxean dauden euskal presoek, koronabirusaren gaitza dela eta, ziegatik ez irteteko eskaera egin zioten atzo kartzelako zuzendaritzari, eta hark onartu egin die eskaera. Telefonoz deitzera baino ez dira aterako ziegatik —COVID-19arengatik, astean lau dei gehiago dituzte orain: hamabi denera, zortzina minutukoak—. Jatekoa bertara eramaten diete. Iparragirreren eta Lopezen moduluan dauden bi preso sozial ere ziegan geratuko dira; aldiz, beste hirurek ez dute neurri hori eskatu. Higiene neurri batzuk hartu ditu Brievako kartzelak, eta esan du espetxean inor ez dagoela gaitzak kutsatuta.

Gorka Fraile euskal presoa, berriz, apirilaren 5era arte etxean egongo da, Iruñeko kartzelara joan gabe. Urte hasieran, hirugarren gradua eman eta Nafarroako hiriburuko kartzelara ekarri zuten, eta, geroztik, egunez kalera atera ahal da. Koronabirusaren krisiagatik, Espainiako Barne Ministerioak erabaki du hirugarren graduan dauden presoak ez direla, oraingoz, espetxera itzuliko. Gobernuak asteon beste bi astez luzatuko du alarma egoera —apirilaren 12ra arte—, eta ikusiko da Fraileri ere epea luzatuko dioten.

Koronabirusaren krisiagatik, bisita oro kendu du Espetxeetako Zuzendaritzak. EH Bilduk, Etxerat-ek eta Sarek eskatu dute baldintzapean aske uztea euskal preso eriak eta 70 urtetik gorakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.