BerriaTB

'Etxeko leihotik', 'Ur handitan' saiora

BerriaTBk saio berri bat hasi du, herritarrak telematika bidez nola komunikatzen diren erakusteko. Maider Galardi kazetariak aurkeztuko du saioa. 'Etxeko leihotik' izena du, eta astearteetan eta ostiraletan izango da ikusgai BERRIAren webgunean.

2020ko martxoaren 27a
12:50
Entzun

Atzo hasita, astearte eta ostiraletan Etxeko leihotik saioa eskainiko du BerriaTBk. Maider Galardi kazetariak egun hauetan hainbat talde telematika bidez nola komunikatzen diren erakutsiko digu. Etxetik ariko da bera, talde horien bilera horietako batean parte hartuz. Saioak 14:00etan eskainiko dira.

Konfinamendu agindua eman zenetik, asko dira Internetek eskaintzen dituen erremintak baliatzen dituztenak bilerak egiteko. Lanerako batzuk eta senitartekoak eta lagunak ikusteko beste batzuk, ohikoa bilakatu da lantoki eta etxe askotan pantaila aurrean jartzea solastatzeko.

Etxeko leihotik saioaren lehen atalean, Ur handitan ETB1eko saioko zenbait kiderekin bildu da Galardi. Aurrez aurreko elkarrizketak egiteagatik eta gaiak modu sakonean lantzeagatik da ezaguna saio hori. Konfinamendu garaiotan, ordea, etxetik ari dira lanean: elkarrizketak sarearen bidez egiten, eta herritarren bideoak jasoz.

Lehen saioa izan zuten joan den asteartean, eta datorrenean ere halaxe egitea ebatzi dute. Usua Garin zuzendariak, Irati Alkorta produkzioko kideak, Hodei Zambrano editoreak eta Xabier Madariaga aurkezleak azaldu dute nola ari diren antolatzen.

Eskaintza, ugaritzen

Saio berri honek, hain zuzen, BERRIAk konfinamendua hasi zenetik ugaritu duen eskaintza osatzen du. Koronabirusak ekarri duen errealitateaz informatzeaz gain, euskarazko egunkariaren webguneak hainbat eduki jarri ditu sarean herritarren itxialdia errazteko. BERRIA Aretoan, egunero zenbait sortzailek euren lanak sareratzen dituzte. Horrez gain, Mantangorri haur eta gaztetxoentzako gehiagarria asteazkenetan ere argitaratuko da.

Bi atal horiek, gainera, BERRIAk iaz abiatu zuen podcasten atalari gehitu behar zaizkie. Azken podcasta duela bi aste atera zuten argitara BERRIAk eta Badok.eus atariak: Dunbala, euskal musikari buruzko podcasta. Gaur sareratu da bigarren saioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.