Albistea entzun

AZKEN ORDUKOA

Frantziak askapena ukatu dio Urrutikoetxeari, La Santeko medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu arren

Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak hartu du erabakia. «Egungo epidemia eta espetxe barruko hurbiltasuna direla eta, haren kartzelaldia etetea hobesten dut», dio Parisko espetxeko mediku zerbitzuen buruak ziurtagiri batean. Euskal presoaren sendiak adierazi du «erabaki arduragabea eta kriminala» dela. Bake Bideak, EH Baik eta Aitzinak ere salatu dute.

Josu Urrutikoetxea -erdian-, 2000ko urtarrilaren 14an, Langraizko (Araba) espetxe atarian, Egoitz semearekin eta Irati alabarekin,
Josu Urrutikoetxea -erdian-, 2000ko urtarrilaren 14an, Langraizko (Araba) espetxe atarian, Egoitz semearekin eta Irati alabarekin, Miren Saez/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko apirilak 6 17:03

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak baldintzapeko askatzea ukatu dio Josu Urrutikoetxea euskal presoari, sendiaren eskaria eta La Sante espetxeko medikuburuaren ziurtagiri bat baztertuta. Apirilaren 1ean aztertu zuten askatze eskaera epaileek, eta, presoak oraindik erantzun ofizialik ez duen arren, defentsa abokatuek jakin dute atzera bota dutela eskaria. Fiskala presoa aske uztearen aurka azaldu zen auzi saioan, eta orduan hartu zuen epaimahaiak erabakia; abokatuek handik bi egunera jakin zuten, beste bide batetik.

Familiak eta espetxeko mediku zerbitzuen buruak uste dute La Sante Parisko espetxean gertatzen ari den COVID-19 birusaren hedatzeak eragina izan dezakeela Urrutikoetxearen osasun bilakaeran, eta horretan oinarritu dira kartzelaldiaren etetea eskatzeko.

Medikuaren ziurtagiria

Medikuak joan den martxoaren 28an datatu zuen ziurtagiria, eta hauxe dio (agiria, behean): «Nik, Benjamin Silbermann mediku eta Ospitaleko langileak, segurtatzen dut J.A. Urrutikoetxea Bengoetxea jaunak, SARS-CoV-2 gaitzak kutsatuz gero, pronostiko latza ukan dezakeela, dituen patologia kronikoak kontuan hartuta. Egungo epidemia eta espetxe barruko hurbiltasuna direla eta, haren kartzelaldia etetea hobesten dut».

Aurten 70 urte beteko ditu Urrutikoetxeak, eta joan den irailean prostata ebakuntza bat egin zioten Parisko erietxe batean. Iazko maiatzean atzeman zuen Frantziako Poliziak, Alpeetako herri batean, ebakuntza egitera zihoala. Frantzia bi epaiketa egitekoa da, ETArekin lotuta, eta Espainiak bi euroagindu eta bi estradizio eskatuak ditu.

Neguan zenbait pneumonia, hipertentsioa, infekzio errepikatuak eta bronkitis azkar bat ere izan ditu euskal presoak.

Familiaren gaitzespena

«Erabaki arduragabea eta kriminala da», esan du familiak ohar batean. «Ezerk ez du justifikatzen Josu Urrutikoetxeak gaur egun hilgarria den osasun arriskua pairatzea, batez ere zaintza judizialpean ezartzeko berme eta baldintza guztiak betetzen dituelarik».

Auzitegiaren formak ere deitoratu ditu sendiak. «Abokatuek hainbat desmartxa egin behar izan dituzte erabakiaren berri jasotzeko. Premia larriko eskaera baten aurrean preso dagoen pertsona eta senideak erantzunik gabe uzteak agerian uzten du justizia agintarien krudeltasuna. Are, epaileen erabakiaren argudioak ez zaizkie oraindik jakinarazi ez Josu Urrutikoetxeari ez haren abokatuei».

Agintari judizialei berriro eskatu die Josu Urrutikoetxearen kartzelatzea eten dezatela, eta horretarako erabakia ahalik azkarrena hartzeko, «beranduegi izan baino lehen».

 

Bake Bidearen, EH Bairen eta Aitzinaren salaketa

Bake Bideari «guztiz ulertezina eta eskandalagarria» iruditu zaio Josu Urrutikoetxea euskal preso eria aske ez uzteko erabaki judiziala, eta Frantziako agintariei eskatu die «gaur egungo neurri berriak aplikatu ditzatela eta behar den guztia egin dezatela Josu libratzeko».

Testuinguru politikoa zein den gogoratu du Bake Bideak —kasurako, ETAren armagabetzea, duela hiru urte egina –, eta «gatazka politikoaren ondorioei konponbide integrala» atzematea galdegin du. «Desarmatzea ez zen egin presoak presondegietan hiltzeko!». Herri dinamikak esan du Frantzian diren bost euskal presok 65 urtetik gora dituztela —Josu Urrutikoetxeak, Gurutz Maizak, Frederic Haranburuk, Jakes Esnalek eta Jon Parotek—, eta lehen hirurek osasun arazoak dauzkatela, baita Ibon Fernandez Iradik ere. «Preso horiek berehala askatzeko eskatzen dugu».

EH Bai talde politikoak ere salatu du Urrutikoetxea baldintzapean aske ez uzteko erabakia . «Frantziako Justiziak presoen biziarekin jolastea erabaki ote du?», galdetu du, batetik, eta «noiz arte jarraituko du gobernu honek Euskal Herrian dagoen bake nahia gutxiesten?», bestetik. EH Baik ere  eskatu du Bake Bideak aipatutako presoak libre uzteko. «Euskal Herriko ordezkaritzarekin  berriz hizketan hasteko eskatzen dugu, euskal preso politikoentzat irtenbide integral eta behin betikoa izan dadin».

Aitzina gazte erakundearen ustez, Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakiak «are ageriago egiten du Frantziako Justiziaren blokeo eta mendeku nahia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

GKS-k manifestazio jendetsuak egin ditu Bilbon eta Iruñean

GKS-k manifestazio jendetsuak egin ditu Bilbon eta Iruñean

Berria

'Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!' leloa ozenduko dute, gazteen artean «borrokarako borondatea» hedatzeko asmoz

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.
Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa bozkatu zen momentuan ©Marisol Ramirez/ FOKU

Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du Usansoloko auzian

Berria

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko 113. udal gisa onartu zuten Usansolo, galdeketaren ostean, eta estatuko abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du, prozesu honetan egindako bidea defendatzeko.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Madrilen berme» mahaian

Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...