Kontu ekonomikoak

Ekonomia %3 txikitu da azken hiruhilekoan, EAEn

Duela urtebete baino %4,5 txikiagoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina.

Denda itxi bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 24a
10:12
Entzun

Koronabirusaren krisiak jarduera ekonomikoari martxoan egindako hozkada neurtu du Eustatek. Arazoekin neurtu ere, estatistika erakundeak berak onartu baitu arazoak izan dituela datuak biltzeko. «Eragile ekonomiko guztiak azken asteetan bizi izaten ari diren egoera ezinago korapilatsuak zaildu egiten du zenbatespen ekonomiko ororen oinarri den informazioa biltzea», aitortu du.

Datu zabalagoak emango ditu ekainaren 5ean, eta ordurako espero du orain eskura ez duen informazioa izango duela.

Datu aurreratuak dio koronabirusari aurre egiteko neurriek %3 txikitu dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina, 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero. Hozkada handia da, inoiz Eustatek hiruhileko batean neurtutakoetatik handiena. Gainera, kontuan hartu behar da martxoko bigarren erdialdean gertatu dela, ordura arte ekonomia hazten ari baitzen, %0,5eko erritmoan gutxi gorabehera. 

Urte arteko tasan erorketa are handiagoa da: ekonomia 2019 martxoaren amaieran baino %4,5 txikiagoa da. 

Urte osorako, hiru lurraldeetako ekonomia %3,6 txikituko zela iragarri zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, baina baliteke iragarpen hori aldatu behar izatea, auzo guztiek jaitsiera are handiagoa iragartzen ari dira eta. Nazioarteko Diru Funtsak, esaterako,  uste du Espainiako BPGak %8 egingo duela atzera 2020an, eta %4,3 baizik ez duela gora egingo 2021ean. Zenbakiak pixka bat hobeak dira Frantzian: -%7 aurten, eta +%4,5 datorren urtean. Baliteke Euskal Herrian ekonomia gutxiago uzkurtzea, turismoaren pisua txikiagoa baita oro har.

Edonola ere, Christine Lagarde NDFko zuzendariak onartu du iragarpenak okertu egin daitezkeela pandemia kontrolatzeko neurri murriztaileak luzatu behar badira. Eurogunean, %15era arteko uzkurtzea izan daitekeela ohartarazi zien Europako Batasuneko buruzagiei.  

Enplegua ere gutxitu da

Enplegua ere txikitu da. Dedikazio osoko baliokidetza duten lanpostuetan neurtuta, %3,1 egin du behera urtearen hasieran. Eustatek ohartarazi duenez, kopuru horietan sartzen dira aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileak. 

Martxoko azken bi asteetan 34.000 kotizatzaile galdu zituen Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian, eta 14.364 langabe batu ziren Lanbideren eta Nafar Lansareren zerrendetara.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.