TORTURA

Billy el Niño torturatzaile frankista hil da, koronabirusak jota

Antonio Gonzalez Pacheco polizia ohia frankismo garaian eginiko torturengatik egin zen ezaguna. Frankismoaren biktimen elkarteak urteetan saiatu badira ere hura epailearen aurrera eramaten, epaiketarik egin gabe, dominarik kendu gabe eta barkamena eskatzeko eskerik gabe zendu da. 73 urte zituen.

Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño', Espainiako Auzitegi Nazionaletik irteten, 2013an. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Ainhoa Larretxea Agirre - Jon O. Urain
2020ko maiatzaren 7a
11:59
Entzun

Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankista (Aldea del Cano, Espainia, 1946) zendu da gaur goizean, Madrilen, 73 urte zituela. Koronabirusa zuen, eta ospitaleratuta eman ditu azken asteak. Francisco Francoren diktadura garaian sartu zen Espainiako Poliziara, eta Brigada Politiko-Sozialeko Roberto Conesa komisarioaren bigarrena izatera heldu zen.

Nolanahi ere, Billy el Niño frankismo garaian atxilotuei eginiko torturengatik egin zen ezaguna. Horrek, ordea, ez zion eten ibilbidea; 1977. urtean, Rodolfo Martin Villa ministro frankistak poliziaren merituaren domina eman zion. Ohiko prozedura izan zen torturekin lotutako poliziak saritzea, ohorez eta diruz; haren ibilbide profesionalean lau domina eman zizkioten, eta horiek %50 handitu diote pentsioa.

1981ean Espainiako Polizia Judizialera pasatu zen Billy el Niño, eta urtebete geroago polizia izateari utzi zion. Harrezkero, hainbat enpresa pribatutan aritu izan da segurtasun arduradun gisara; besteak beste, Renault Espainiarentzat. Urte hauetan guztietan egindako torturengatik ez du erantzun behar izan, eta barkamen eskerik ere ez diote eskatu. 

Frankismo garaiko biktimek amorruz hartu dute Billy el Niñoren heriotzaren berri. Andoni Txaskok ere, Martxoak 3 elkarteko bozeramaile eta krimen frankisten aurkako plataformako kideak, justiziarik eza salatu du: «Heriotza honek erakusten digu berriz ere inpunitatea dela nagusi Espainiako Estatuan. Jende hau guztia ohean hiltzen ari da, lasai-lasai, epaitua izan gabe, inpunitate osoan. Senideek izan dezaketen mina errespetatuta, baina guri gogoeta hori baino ez zaigu etortzen burura: kriminal horiek guztiak eta egindako ekintza kriminalak ez direla igaro epaitegietatik».

Espainiako Gobernuko presidenteorde Pablo Iglesiasek ere «demokraziarentzako lotsagarritzat» jo du Gonzalez Pacheco sarituta hil izana, emandako dominak zendu aurretik kendu gabe, «epaitua izan gabe, bere domina eta pribilegio guztiak ukitu gabe». «Barkamena eskatzen diet haren biktimei, demokraziaren eta justiziaren aldeko borrokalariei. Izan zinetelako gara».

Madril, ikertzearen kontra

Borroka nekeza izan da Gonzalez Pacheco epailearen aurrera eramatekoa. Denera, 30 kereila inguru aurkeztu dituzte haren aurka, baina 2019an onartu zuten lehenengoa, «gizateriaren kontrako krimenengatik». Halere, epaiketarik egin gabe zendu da; besteak beste, Espainiako botere exekutiboak eta judizialak oztopatu egin dituztelako haren aurkako ikerketak.

Nazioartean, Maria Servini krimen horiek ikertzen ari den Argetinako epaileak 2013an eman zuen Billy el Niño atxilotzeko nazioarteko agindua, Jesus Muñecas polizia ohiarenarekin batera. 1971. eta 1975. urteen artean hamahiru pertsona torturatzea leporatzen dio epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, estradizio eskaera atzera bota zuen urtebete geroago, argudiatuz tortura delitu horiek iraungita daudela. Une horiek gogoan izan zituen Josu Ibargutxik herenegun BERRIAk argitaratutako elkarrizketan.

Dominak ere ez dizkiote kendu urteotan guztietan; PSOEk eta Unidas Podemosek 2018ko aurrekontu akordioan jaso zuten polizia ohiari dominak kentzeko konpromisoa, baina, bi urte igarota, Espainiako Gobernuak ez du pauso hori eman. Areago, Unidas Podemosek eta PSOEk Billy el Niñoren zerbitzu orria ezagutaraztearen aurka egin zuten Espainiako Kongresuan aurtengo otsailean, EH Bilduren eskaera bat ezetsita. Haatik, Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak zehaztu zuen «zalantza juridikoak» zituztelako eman zutela kontrako botoa, eta, horiek argituta, gaia berriro aztertzearen aldeko botoa emango zutela.

Poliziatik ez da erabat aparte egon urteotan ere; besteak beste, Espainiako Poliziaren Eguneko ospakizunetan izan zen 2018ko urrian, Ciudad Linealeko polizia etxean. Jose Manuel Mariscal de Gante komisarioak gonbidatuta joan zen, eta, Mariscal de Ganteri diziplina espedientea zabaldu bazioten ere, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuaren orduko bozeramaileak esan zuen Gonzalez Pacheco «herritar librea» zela eta eskubidea duela gonbidatzen duten tokietara joateko. Eta hala hil da: libre, eta paparrean domina guztiak zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.