Euskal presoak

Ospitaletik kartzelara itzuli dute Patxi Ruiz, eta egarri greba utzi du

Ostegun gauean eraman zuten Patxi Ruiz presoa ospitalera, 23:00 aldera, auto judizial baten aginduz. Ama berarekin egon ahal izan da. Ostiral arratsalde honetan berriro kartzelara eraman dutela jakin da; hango erizaindegian daukate oraingoz, berrogeialdian.

Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko ekintza, Itsasun. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2020ko maiatzaren 22a
09:43
Entzun

Ostegun arratsaldean epaitegiari bidalitako txostenean, Ruiz ospitalera «ahalik eta agudoena» eramateko eskatu zuen espetxeak, eta hango medikuak galdegin zuen tratamendua hastea haren egoera hobetzeko. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AEM) jakinarazi duenez, ostiral gauean Murtziako (Espainia) ospitalera eraman zuten Ruiz. Espainiako Espetxe Erakundeekin harremanetan jarri da BERRIA, eta, erran diotenez, auto judizial batengatik eraman dute erietxera.

Efe albiste agentziak epaitegiko iturriak aipatuta dioenez, kartzelako medikuak analisiak egin zizkion ostegunean Ruizi, eta ondorioztatu zuen haren egoera fisikoa pixkanaka okertuz joana zela gose grebaren ondorioz. Presoaren egoera hobetzeko tratamendua hastea galdegin zuen, «bizia galtzeko arrisku berehalakoa» zuelakoan. Ruizek bere kabuz ospitalera joateari uko egin ziola dioen agiria ere gehitu zion medikuak txostenari.

Murtziako Virgen de la Arrixaca erietxera eraman zuten Ruiz, eta, abokatuek azaldu dutenez, haren amari baimena eman diote semea bisitatzeko. Ruizen sendia Murtziara joana da, eta konfiantzazko mediku bat ere bai, AEMren hitzetan. Amak ikusi ahal izan du ostiral arratsaldean, eta presoak jakinarazi dio egarri greba utzi duela. Maiatzaren 11z geroztik ari da protestan preso iruindarra.

AEMek berak jakinarazi du Ruizi bi litro serum eman dizkiotela, eta presoak berak eskatu duela ospitaletik ateratzeko; kartzelara itzuli dute atzera. Koronabirusaren kontrako protokoloa dela eta, erizaindegian daukate orain, berrogeialdian.

Espetxean koronabirusaren krisiaz egiten ari diren kudeaketagatik hasi zuen protesta Ruizek. Ostegunean, berriz, sei puntuko ohar bat kaleratu zuen, eta euskal presoak Euskal Herriratzea jarri zuen «bizirik ateratzeko baldintza gisara».

Bide bat hetsi dute Itsasun

Ostiral goizean Itsasu eta Luhuso arteko bidea hetsi dute hainbat ekintzailek, eta su eman diote bideari. «Patxi Ruiz S.O.S» pankarta atera dute, eta, prentsa ohar baten bidez, adierazi dute euskal presoarekin elkartasunez «haren egoera» salatzen dutela eta «haren borrokarekin» bat egiten dutela. Bidea hetsi dutenez, suhiltzaileak bertaratu dira, sua itzaltzeko.

Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek manifestazioa egitera deitu dute gaurko, 17:00etan, Baionako herriko etxearen aitzinean. Antolatzaileek adierazi dute segurtasun neurriak bermatuko dituztela. Bilbon, Gasteizen, Durangon eta Donostian ere manifestazioak egingo dituzte.

Pintaketa gehiago

Burua estalitako lagun batzuek pintaketak egin dituzte ostiral honetan Lurraldebusen autobus batean Azpeitian (Gipuzkoa), amnistiaren eta Patxi Ruizen «borrokaren» alde.

Azpeitiko udal gobernuak (EH Bildu) «desadostasuna» adierazi du pintaketak direla eta, eta esan du «lekuz kanpo» dagoela eta «guztiz salagarria» dela. «Azpeitiko udal gobernuak lanean jarraituko du bizikidetzaren eta normalizazio demokratikoaren alde. Herritar guztien giza eskubideak oinarri hartuta. Eskubide urraketa guztiak salatuz, presoen eskubideen aurka ematen ari diren giza eskubide urraketak barne».

Donostian ere agertu dira pintaketak: EAJren erdialdeko eta Parte Zaharreko batzokiaren fatxadan. EAJren GBBk erasoa salatu du. Ezker abertzaleari esan dio gaitzespena edo «aitzakiarik gabeko arbuiatzea» behar dutela halako ekintzek.

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak Azpeitiko eta Donostiako pintaketak salatu ditu. Ezker abertzaleari eskatu dio azken egunetako «erasoak» gaitzesteko eta «dinamika hori amaitzeko«. Anduezak esan du PSEk ez duela «inongo dudarik« ekintza horiek «ezker abertzale barnetik» datozela. «Sektore bati edo besteari ez zaio gustatzen EH Bilduk garai berri hauetan hartu duen bidea, Espainian eta Euskadin politika egitea».

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, berriz, EH Bilduri mintzatu zaio, eta esan dio ezingo lukeela gobernua osatu bere aurka erasoak egiten ari direnen aurkako gaitzespena adierazteko gai ez direnekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.