Noiz sortua: 2020-05-22 14:32:25

Hegoaldea bigarren fasera igaroko da astelehenean

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak agerraldia egin du Ministroen Kontseiluaren ostean, eta bertan jakinarazi du zer lurralde igaroko diren bigarren fasera.

Bigarren fasetik aitzinera ez da kalera ateratzeko ordutegirik izango.
Bigarren fasetik aitzinera ez da kalera ateratzeko ordutegirik izango. Jon Urbe/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko maiatzak 22

Hego Euskal Herria osorik igaroko da datorren astelehenean konfinamendua leuntzeko bigarren fasera. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak agerraldia egin du Ministroen Kontseiluaren ostean, eta bertan jakinarazi du zer lurralde igaroko diren bigarren fasera; horien artean aipatu ditu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskatua zuten fasez aldatzea. Hamabost egunez luzatuko da bigarren fasea, gutxienez; okerrik ezean, ekainaren 8an igaroko litzateke hirugarren eta azken fasera; malgutzearenera.

Horrek zenbait aldaketa eragingo ditu; ordutegiei dagokienez, Hego Euskal Herri osoan ez da ordutegirik izango biztanle gehienentzat jarduera fisikoa egiteko. Muga 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 artekoa izango da, ordutegi horretan 70 urtetik gorakoak baino ezingo baitira irten paseatzera edo ariketa fisikoa egitera. Probintzien arteko joan-etorriak ez daude baimenduta oraingoz; hori hirugarren fasea amaitzean ahalbidetuko baitute.

Ordutegiei dagokienez, Espainiako Gobernuak gaur argitaratu du Aldizkari Ofizialean 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei buruzko agindua. Horrek, ordea, zalantzak eragin ditu, eta horiek argitzeko eskatu dio Jaurlaritzak.

Tabernetara eta jatetxeetara sartu ahal izango da, eta %30eko edukiera izango dute gehienez. Horrez gain, hamabost lagun arteko bilerak baimenduta egongo dira —orain hamar artekoak egin daitezke—. Nafarroan, 200 pertsona egon ahal izango dira ekitaldi publikoetan —1. fasean bezala-, eta aurrerantzen ere itxita egon beharko dute elkarte gastronomikoek, jendetza biltzen delako horietan eta zaila delako segurtasun distantzia mantentzea.

Espainiako Gobernuak faseak aurkeztean eman zituen xehetasunen arabera, zineak, antzokiak, auditoriumak, aretoak, museoak... ireki ahal izango dituzte, edukiera %30era mugatuta (Jaurlaritzak esana dauka ekainaren 1era atzeratu nahi duela neurri hori), eta gurtza lekuek edukieraren %50 arte betetzeko aukera izango dute. Gainera, adinekoen zentroetara bisitan joaten hasi ahalko da; adineko bakoitzeko senide bakarra joan ahalko da, aurretik txanda hartuta. Beilatokietan, berriz, 25 pertsona elkartzeko modua egongo da leku irekietan, eta hamabost itxietan.

Illak fasez aldatuko diren lurraldeak jakinarazi aurretik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoa hurrengo fasera aldatuko dela, argudiatuta «prest» dagoela: «Baldintza guztiak betetzen ditugu». Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, azaldu du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari helarazi dion proposamena «ongi eraikia» dagoela.

Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du Osasun Ministerioaren erabakia, «herritarrei aukera emango baitie normaltasun berria berreskuratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko». Ohar batean nabarmendu dute datuen bilakaera ona izaten ari dela, eta lortu dutela birusaren hedapena geldiaraztea. Larunbat eguerdian emango dituzte bigarren fasera igarotzeari buruzko xehetasun gehiago Nekane Murgak eta Arantxa Tapiak, Osasun eta Ekonomia sailburuek. Oraingoz, malgutasun baldintza berrien zain daudela esan dute.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere, María Txibitek, ontzat jo du Nafarroa bigarren fasera pasatzeko erabakia. Txibitek erran du osasun arloko profesionalen lan zorrotzari eta neurriak betetzeko herritarren erantzukizunari esker lortu dela beste fasera igarotzea, eta herritarrei ohartarazi die garrantzitsua dela gehiegi ez lasaitzea. 

Nafarroarako espresuki hartutako neurrien berri ere eman du Txibitek. 10.000 biztanletik gorako herrietan egoera ahulean dauden herritarrentzako ordutegia ezarriko da, orain artean bezala: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Gainera, haize zabaleko kultur ekitaldietan 200 pertsonako muga ezarriko da, eta museo eta liburutegiak ekaineko lehenengo astean irekitzen ahalko dira. Kirol jarduerei dagokienez, Nafarroako Gobernuak kirola egiteko ordutegia eta eremua zabaltzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta hark zehaztu du Nafarroak legedia propioa izango duela alor horretan. Beraz, gobernuaren esku egonen da hori arautzea, baita erreketan bainatzeko araudia ezartzea ere. 

Alarma egoera ekainaren 7 arte luzatzea onartu du Espainiako Gobernuak, Maria Jesus Montero bozeramaileak Ministroen Kontseilu osteko agerraldian jakinarazi duenez. Monterok berak aipatu du Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk lan erreforma bertan behera uzteaz eginiko akordioak sortutako polemika: «Gobernu hau bere betebeharra egiten ari da: hitz egin, babesak lotu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

PCR probak egiten, atzo, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Ordiziako fokuan 30 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hamalau positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko 707 PCRren emaitzak jaso dituzte. Beharrezkoa dela ikusiz gero «irmo» arituko direla ziurtatu du sailburuak. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu. Neurriak zorroztuko dituzte arratsaldean.

Testak egiteko asmoz Ordizian atzo ipinitako karpa. ©JON URBE / FOKU

«Nor ez da ibiltzen hor!»

Arantxa Iraola

Zazpi positibori atxikita, ostatu gune batean ibilitako herritarrei testak egin dizkie Osakidetzak: 900 PCR proba egin dituzte, eta negatibo eman dute lehen 91k. Boluntarioa izan da parte hartzea. Ordizia, Beasain eta Lazkaoko eguneko zentroak itxi egin dituzte, eta zahar etxeetan bisitak kendu dizkiete zazpi egunez. Eskualdeko beste zahar etxeetan, halaber, kalera irteteko aukerarik gabe utzi dituzte bertan bizi diren adinekoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna