Eusko Legebiltzarrerako bozak

Mendia: «Akordioetarako zabalik gaude: ez dugu inoren ekarpenik baztertu behar»

Elkarrekin Podemosek EH Bildurekin eta PSE-EErekin gobernu bat osatzearen alde egin du; Maddalen Iriartek, ordea, oraindik «bide luze bat egiteke» dagoela esan du.

Idoia Mendia, joan den astean Bilbon egin zuen agerraldian. PSE-EE
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 27a
14:04
Entzun

Dirudienez, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk osatu dezaketen hirukoa gai zentraletako bat izango da Eusko Legebiltzarretarako bozetarako kanpainan. Hiru alderdi horiek joan den astean aurkeztu zuten Madrilen 2012ko lan erreforma indargabetzeko akordioa, eta ikusteko dago adostasun hori gai gehiagotara zabalduko den ala ez. Horretaz jardun dute gaur hiru alderdietako lehendakarigaiek.

PSE-EEko Idoia Mendiak «akordioetarako zabalik» daudela esan du, «Euskadiren berreraikuntza sozioekonomikoan ezin baita inoren ekarpenik baztertu». Horretarako, gobernua osatzeko gehiengoez gain, bestelako akordioak adostearen aldeko jarrera erakutsi du: «Guk proposamenari erreparatzen diogu, ez proposamena egiten duenari». Mendiak bilera telematiko bat egin du gaur goizean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateorde sozialistekin, eta bertan esan du sozialismoa, besteak beste, «komunitate osoari mesede egiten dioten akordioei zabalik egotea» dela.

Hiru aldeko itunaren aldeko jarrera argiena erakutsi duena Miren Gorrotxategi izan da, Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia. Haren iritziz, gobernu hipotetiko hori osatuko luketen alderdiek lan erreforma deuseztatzeaz harago doazen helburuak dituzte: «Hirurotako inork ez dugu nahi Confebasken neurrira eginiko irteera bat krisi honentzat». Azken krisi ekonomikoan EAJk Mariano Rajoyren gobernuarekin batera hartu zituen neurriak ere gaitzetsi ditu.

Gorrotxategiren iritziz, hiru alderdiek bat egiten duten hainbat gai daude: «Sektore publikoa babestu nahi dugu, baita murrizketak eta Euskadiren desindustrializazioa baztertu ere. Trantsizio ekologikoa ez dugu gehiago atzeratu nahi, eta ez dizkiegu kontzesio gehiago egingo bankuei eta oligopolio energetikoari». Azaldu duenez, helburu horiekin ez dute alderdiek soilik bat egiten, baizik eta baita «euskal gizartearen gehiengoak ere, zeina aurrerakoia eta solidarioa den».

«Bidea dute egiteko»

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak, ordea, ez du Gorrotxategik bezain argi ikusten hirukoa osatzeko aukera. Lan erreforma indargabetzeko akordioa ontzat jo du, eta azpimarratu du akordioak «gizartearentzat onak diren edukien arabera» sinatzen jarraituko dutela. Dena den, ez du posible ikusten «aurrerakoien gobernu bat» Eusko Jaurlaritzan, haren iritziz oraindik «egiteke dagoen bide bat» baitago.

Halere, Iriartek argi du «ideia aurrerakoiak dituzten alderdiek» bat egiten dutenean «euskal gizartearen bizi kalitateak hobera» egiten duela. Adibide gisa jarri ditu Nafarroako Gobernua osatzeko akordioak, Irungo Udalean (Gipuzkoa) aurrekontuak onartzeko erdietsitako ituna eta joan den astean Madrilen sinatutakoa: «Horien guztien oinarria gizartearen ongizatea helburu duten eduki batzuk dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.