Eusko Legebiltzarrerako bozak

EH Bilduren batzar nagusiak hauteskunde zerrendak berretsi ditu, %92ko babesarekin

Apirileko hautagaitzetatik bi aldaketa izango ditu: Gipuzkoan, Mirene Begiristainen partez Gari Mujika aurkeztuko da, eta, Araban, Andoni Perez Cuadrado hilberriaren ordez, haren seme Xabier Perez Suarez.

Arnaldo Otegi hizketan, gaur, EH Bilduren batzar nagusian. Modu telematikoan egin dute.
2020ko maiatzaren 30a
14:33
Entzun

EH Bilduk batzar nagusia egin du gaur, modu telematikoan  pandemia dela-eta, eta parte hartzaileek berretsi egin dituzte Eusko Legebiltzarrerako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendak, botoen %91,9rekin. Apirilaren 12ko hauteskundeetarako prestatutako zerrendekin alderatuta, uztailaren 12rako zerrendetan bi aldeketa daude: Gipuzkoan, Mirene Begiristainek uko egin dio hautagai iztaeari, eta, haren ordez, Gari Mujika EH Bilduko zuzendari nagusia aurkeztuko da, 10. postuan. Arabako zerrendan, Andoni Perez Cuadrado hilberriaren partez —apirilaren 9an zendu zen, 93 urte zituela—, haren seme Xabier Perez Suarez joango da, 25. tokian.

Maddalen Iriarte izango da EH Bilduren lehendakarigaia. Gipuzkoatik aurkeztuko da, 1. lekuan. Arabako zerrendaburua Mikel Otero izango da, eta Bizkaikoa, Jasone Agirre.

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Mujikak eman dituzte azalpenak gaur batzar orokorrean. Otegik esan du «segurtasuna» eskaintzen duen «alternatiba» dela EH Bildu, eta «subiranotasun ikuspegi batetik etorkizunari begiratzen» diola. Haren arabera, EH Bilduren aurrean «soilik interes ekonomikoei» so egiten dion eta «iraganaren» apustua duen alternatiba dago: EAJrena.

Duela lau urteko bozetan hemezortzi legebiltzarkide lortu zituen ezkerreko talde independentistak: Arabatik eta Bizkaitik bosna, eta Gipuzkoatik zortzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.