EH Bilduk batzar nagusia egin du gaur, modu telematikoan pandemia dela-eta, eta parte hartzaileek berretsi egin dituzte Eusko Legebiltzarrerako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendak, botoen %91,9rekin. Apirilaren 12ko hauteskundeetarako prestatutako zerrendekin alderatuta, uztailaren 12rako zerrendetan bi aldeketa daude: Gipuzkoan, Mirene Begiristainek uko egin dio hautagai iztaeari, eta, haren ordez, Gari Mujika EH Bilduko zuzendari nagusia aurkeztuko da, 10. postuan. Arabako zerrendan, Andoni Perez Cuadrado hilberriaren partez —apirilaren 9an zendu zen, 93 urte zituela—, haren seme Xabier Perez Suarez joango da, 25. tokian.
Maddalen Iriarte izango da EH Bilduren lehendakarigaia. Gipuzkoatik aurkeztuko da, 1. lekuan. Arabako zerrendaburua Mikel Otero izango da, eta Bizkaikoa, Jasone Agirre.
Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Mujikak eman dituzte azalpenak gaur batzar orokorrean. Otegik esan du «segurtasuna» eskaintzen duen «alternatiba» dela EH Bildu, eta «subiranotasun ikuspegi batetik etorkizunari begiratzen» diola. Haren arabera, EH Bilduren aurrean «soilik interes ekonomikoei» so egiten dion eta «iraganaren» apustua duen alternatiba dago: EAJrena.
Duela lau urteko bozetan hemezortzi legebiltzarkide lortu zituen ezkerreko talde independentistak: Arabatik eta Bizkaitik bosna, eta Gipuzkoatik zortzi.
👆Xabi Perezek, hil berri den Andoni Perez Cuadradoren semeak, itxiko du @ehbildu-ren #Araba-ko legebiltzarrerako zerrenda.
— EH Bildu Araba (@ehbilduaraba) May 30, 2020
📨Militante abertzale historikoaren lekua hartuko du apirilaren 9an, 93 urte zituela, koronabirusaren ondorioz hil ostean.
âÂœÂ︠https://t.co/39jrgCvC34pic.twitter.com/uFoLgvw3gy