Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. IREKIA
jon olano
2020ko maiatzaren 31
15:37
Entzun

Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetako presidenteak atzo goizean batzartu ziren, eta, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak erkidegoetako presidenteei baieztatu die erkidegoetako presidenteak eurak izango direla alarma egoera kudeatzeko arduradunak lurralde horiek konfinamendua arintzeko hirugarren fasera igarotzen direnean.

Bileran, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi zuen gaur bertan eskatuko diola Espainiako Gobernuari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera igaro ahal izatea ekainaren 8an. Izan ere, nabarmendu du osasun egoeraren eta asistentzialaren bilakaera ona izaten ari dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bigarren fasea «positiboa» izaten ari delako.

Horrez gain, Urkulluk bost eskakizun aurkeztu ditu batzarrean; besteak beste, osasun neurri gisa erosi beharreko maskarei ez jartzeko BEZ balio erantsiaren gaineko zerga ordainketa partekatua ezarria duten herritarrentzat, eta halabeharrez aurkeztu beharreko aldi baterako lan erregulazio txostenak luzatzeko, irailera arte luzatuta Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko hobariak.

Astean zehar ezagutarazitako beste proposamen bat ere egin dio Urkulluk Sanchezi: Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen arteko mugimenduak baimentzeko eta, beraz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zabaltzeko. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak begi onez ikusi du Sanchezek iragarri izana Frantziako Gobernuarekin hitz egingo duela mugaz gaindiko mugimenduei bide emateko.

Gainera, urtean 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak eduki eta enplegu erregulazioan dauden langileentzat diru osagarri bat pagatzea proposatuko du Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. Migratzaileei dagokienez, Urkulluk Madrili eskatuko dio migratzaileen administrazio prozedurak arintzeko, lehenbailehen izan dezaten lan baimena.

Txibiterentzat, «oso positiboa»

Txibitek «oso balorazio positiboa» egin du hirugarren fasea erkidegoek kudeatu ahal izateaz: «Gure erkidegoak, gainerakoek bezala, ezaugarri propioak ditu, aintzat hartu beharrekoak. Beraz, onena da Nafarroak onartzea normaltasun berrira iristeko neurriak».

Txibite pozik dago izurriak Nafarroan izan duen bilakaeraz, baina dei egin dio «norberaren ardurari, alferrekoa ez izateko fase guztietan eginiko ahalegina eta lortutako emaitza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.