Leiho berriak mugimenduari (eguneko laburpena)

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 1a
19:18
Entzun

Datu onak, eta ez hain onak. Hildakorik ez Euskal Herrian. Martxoaren hasieratik, egun batean hildakorik zenbatzen ez den bigarren aldia da; aurrekoa, maiatzaren 24an. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan. Baina badaude onak ez diren datuak. Batetik, zazpi pertsona ospitaleratu berri dituzte koronabirusaren gaitzarekin lotuta (bost EAEn eta bi Nafarroan). Bestetik, atzo baino hiru pertsona gehiago daude zaintza intentsiboetako unitateetan, guztira 40 lagun. EAEn, 29 (+2), eta Nafarroan, 11 (+1).

Erkidegoen arteko joan-etorriak. Datu epidemiologikoak ondo bidean, datorren astelehenean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa arintze prozesuaren hirugarren fasean sartzea espero da. Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak adierazi duenez, hirugarren fasean dauden erkidegoen artean  mugitzea posible izango da. Erabakia erkidegoen esku egongo da. Beraz, Hego Euskal Herriko lurraldeen artean mugitzerik izango da, bi erkidegoetako gobernuek horrela erabakitzen badute.   

Zahar etxeetako auditoria. Nafarroan, COVID-19arekin 515 pertsona hil dira, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Guztietatik 272 hildako zahar etxeetako egoiliarrak ziren (%52,8). Horrez gain, 163 hildakoren sintomatologia aztertzen ari dira heriotza horien atzean koronabirusa ote dagoen jakiteko. Nafarroako Gobernuak txosten bat kaleratu du zahar etxeetako egoeraren berri emateko, baina, horrez gain, auditoria bat ere iragarri du, egoitzetako egoera sakonago aztertzeko. Datuak ikusita, ezinbestekoa da argitzea zer pasatu den adinekoen egoitzetan. Nafarroan, eta beste lurraldeetan ere. Gaur egin dituzten mobilizazioetan, adinekoen egoitzetan zer gertatu den argitzeko eskatu dute pentsiodunek.

Posta bidezko botoa. Azken bi asteetan posta bidez botoa emateko izan den eskaera kopurua zortzi aldiz handiagoa da 2016ko hauteskundeetan epe berdinean izandakoa baino. Izan ere, posta bidezko botoa errazteko, Espainiako Hauteskunde Batzordeak lege organikoa aldatu du, botoa etxetik eman ahal izateko, postariari emanda.  

Hondartzetako dentsitatea. Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzetako jende dentsitatea neurtzeko bideometria bidezko sistema bat abiatu du, eta, aplikazio baten bidez, egoeraren berri emango du. Aplikazioak mapa batean bistaratuko ditu hondartzak, eta bakoitzari kolore bat ezarriko dio unean uneko dentsitatearen arabera. Informazioa hamabost minutuero eguneratuko da.

 

Agian honek ere merezi du

Auto salmenta. Hasieran bost milioi euroko diru sail bat zen, baina azkenean autoen salmenta sustatzeko plana hamar milioikoa izango da, lehengoa halako bi. Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie auto berria erosi nahi dutenei. Gutxien kutsatzen duten autoek jasoko dute laguntza gehien. Laguntza handienak (3.000 eurokoak) ibilgailu arin elektriko hutsentzat eta hidrogenozko ibilgailu arinentzat izango dira. Gasolinazko edo gasoliozko auto bat erosten dutenek bi mila euro jaso ahal izango dituzte. Auto berri-berriak ez ezik, zero kilometrokoek ere jaso ahal izango dute laguntza.

Funts berezia. Aldi baterako erregulazioan dauden langileen soldatak osatzeko funts berezi bat sortzea proposatu du ELA sindikatuak. Bereziki soldatarik apalenak osatu behar dira; adibidez, 1.200 eurotik beherakoak %100ean osatu beharko lirateke. Halaber, enpresek ordaindu beharreko kotizazioak osatzeko eskatzen du ELAk.  Funtsa finantzatzeko, sozietate zergan errekargu bat egitea proposatu du.

Oharra: eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.