Nabarmen goratu da izurriak eragindako heriotzen kurba

Espainiako Estatistika Institutuak grafiko bat argitaratu du, erakusteko izurriak nola eragin duen heriotza tasan.

Heriotza kopurua asteka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. INE
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 3a
13:14
Entzun

Grafiko klikagarri batekin, Espainiako Estatistika Institutuak ikusgai jarri du 2020. urtean astez aste heriotza tasan izan den aldaketa. Institutuak esan duenez, datuek ez dituzte bereizten COVID-19 gaitzak hil dituenak; heriotza guztiak islatzen ditu, kausa bereizi gabe. Baina aukera ematen dute ikusteko zein aldaketa handia gertatu den izurriaren aste horietan.

Hego Euskal Herriko datuetan, ikusten da igoera nabarmena 2020ko 13. astetik 18.era. Nafarroan gertatu da anomaliarik handiena: %34,52koa da aldea, hurrengo irudiak erakusten duenez.


Nafarroako heriotza tasaren aldaketa. INE

Herrialdean 3.150 heriotza pilatu dira denera. Heriotza gehien izandako aurreko urtea 2018a izan zen, 2.510 hildakorekin. Aurten, beraz, 640 pertsona gehiago hil dira.

Hurrengo aldaketarik handiena Arabakoa da: %25,54. Datuek erakusten dute heriotza kurba lehenago hasi zela igotzen Araban, eta hori bat dator izurriak Hego Euskal Herrian eduki duen eboluzioarekin, lehenengo kasuak, eta fokuak, Araban atzeman baitzituzten.


 

Arabako heriotza tasaren aldaketa. INE

Araban 1.474 heriotza pilatu dira denera. Han ere, heriotza gehien izandako aurreko urtea 2018a izan zen, 1.202 hildakorekin. Aurten, beraz, 272 pertsona gehiago hil dira Araban.

Hurrengoa Bizkaia da, %15,17ko aldaketarekin.


Bizkaiko heriotza tasaren aldaketa. INE

Bizkaian 5.969 heriotza pilatu dira denera. Heriotza gehien izandako aurreko urtea 2018a izan zen, 5.317 hildakorekin. Aurten, beraz, 652 pertsona gehiago hil dira.

Aldaketarik txikiena Gipuzkoan gertatu da: %9,97.


Gipuzkoako heriotza tasaren aldaketa. INE

Gipuzkoan 3.213 heriotza pilatu dira denera. Hildako gehien izandako aurreko urtea 2018a izan zen, 3.103 hildakorekin. Aurten, beraz, 210 pertsona gehiago hil dira Gipuzkoan.

INEk azaldu duenez, heriotza gertaturiko lekuaren arabera sailkatzen da, eta ez hildakoaren bizilekua kontuan hartuta. Horregatik, baliteke herrialde batean erroldaturiko pertsona bat beste batean zenbatu izana, han hil bada.

Gaurtik aurrera, hildako kopuruak astez aste kalkulatzeko «egitasmo esperimental» bat jarri du martxan institutuak. Erregistro Zibiletatik jasotako datuak erabiliko dituzte, eta heriotzen estatistika historikoekin parekatuko dituzte. Izurriak zenbat pertsona hil dituen kalkulatzea da egitasmoaren helburua.

BERRIAk apirilaren 25ean argitaratu zuenez, COVID-19aren datu ofizialek aitortzen duten baino 570 lagun gehiago hil ziren hilabete horretan. Martxoaren 16tik apirilaren 16ra 4.500 lagun zendu ziren Euskal Herrian, espero baino 1.800 gehiago. Datu ofizialen arabera, aldi horretan 1.250 hil ziren koronabirusaz: %45 gehiago ziren zenduak, ordea.

Euskal Herriko datu ofizialen arabera, 2.068 hil ditu koronabirusak, baina COVID-19 diagnostikoarekin hil direnak bakarrik hartu dituzte kontuan estatistika horretan. Benetako kopurua dezente handiagoa dela pentsa daiteke, eta litekeena da gaur INEk argitaraturiko grafikoek laguntzea ezkutuko heriotza horiek kalkulatzen edo, gutxienez, ikusarazten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.