ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Plazak aldarriz betetzeko

Asteburuan Hamaika Gara egitasmoaren kaleko lehendabiziko jardueran parte hartzera deitu du Gure Esku-k.

Gure Eskuk deituta 2017eko ekainaren 10ean Bilbon egindako mobilizazio bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 5a
11:58
Entzun

Gure Esku herri dinamikaren ustez, herritarren aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia da. «Premiazkoa da adieraztea bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Beraz, asteburuan Euskal Herriko herri eta hirietako plazak aldarriz betetzeko deia egin du erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak. Erreferenduma xede duen Hamaika Gara egitasmoaren barruko kaleko lehendabiziko jarduera izango da.

Herri dinamikak planteatu duena da herritarrek eraman ditzatela kartoi batean edo beste euskarri batean haien aldarrikapenak, eta plazetan utz ditzatela. Euskal Herriko 50 bat tokitan egitekoak dira. Mobilizazio gehien-gehienak iganderako deituta daude, eta 11:00 eta 14:00 artean egitekoak dira. Bilbon eta Lezon (Gipuzkoa), berriz, bihar egingo dituzte. Antolatzaileen esanetan, COVID-19aren izurria dela-eta ezarritako alarma egoerarengatik «beharrezkoak» diren neurri guztiak hartuko dira, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna «zorroztasunez» bermatu ahal izateko.

Beste 23 eragilek bat egin dute Hamaika Gara egitasmoarekin —besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Bilgune Feministak, Kontseiluak eta Sare Herritarrak—, eta etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko sinadura bilketa bat hasi zuten. Udaberrian ekinbide hori sustatzeko mobilizazioak egitekoak ziren, baina, osasun krisiaren ondorioz, atzeratu egin behar izan dituzte. Dena den, Hamaika Gararen webgunean sinatu daiteke kaleratutako manifestua.

Amalur Alvarez Gure Esku-ren bozeramaileetako batek —Josu Etxaburu da bestea— joan den apirilean BERRIAri adierazi zionez, izurriak eragindako krisiari «kultura demokratikoan sakonduz» eta «ahaldunduta» erantzun behar zaio. «Koherentzia kontu bat da. Krisi honetan herritarroi erantzukizuna eskatzen bazaigu, zergatik ez eman erantzukizuna erabakitzeko ere», nabarmendu zuen Alvarezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.