Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Frantziako Justizia Ministerioarekin bilduko da hamar egun barne

Euskal presoen egoera «muturrekoa», «lotsagarria» eta «onartezina» dela salatu dute, eta nabarmendu dute «bake prozesuaren beste ofentsiba batera» pasatzeko beharra erakusten duela.

Euskal ordezkaritzako kideak, gaur Baionan egin duten agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko ekainaren 5a
13:42
Entzun

Azken aukera dela uler liteke. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Frantziako Justizia ministerioarekin bilduko da ondoko hamar egunetan, euskal presoen «egoera larria» aipatzeko. «Zintzilik ditugun auziei konponbide perspektia bat ekartzea da helburua», azaldu du Anaiz Funosasek, ordezkaritzako kide eta Bake Bidea-ko presidenteak. Konfinamendu egoera «bortitza», «zaila» izan dela azpimarratu du; «euskal presoen egoera eskandalagarria eta onartezina dela baieztatu besterik ez du egin». Tonu gogorrarekin mintzatu dira agerraldian hitza hartu duten ordezkaritzako kideak, Frantziari abisua emanez: «Bilkura horren bukaeran erantzunik ez badugu, askoz ere urrunago joanen gara», adierazi du Frederic Espagnac PSko senatariak; «gure pazientziak mugak ditu», «bestelako ekintza mota batzuetara pasatu beharko gara», erran du Max Brisson Errepublikanoetako senatariak.

COVID-19 birusaren hedapenak presondegiak arintzeko neurriak harrarazi zizkion Frantziako Justizia Ministerioari. Beren adinagatik edo patologiagatik, kartzelatik ateratzeko irizpideetan sartzen ziren sei euskal preso, baina, baldintzetarik bat «terrorismoarekin zerikusia duten egintzengatik kondenatua ez izatea» izanez, ezin izan ziren baliatu neurri horretaz. «Horrek erakusten du, zoritxarrez, ez dugula oraindik salbuespenezko neurriekin bukatu, nahiz eta duela hiru urtetik ministerioarekin daramatzagun eztabaiden bide orriaren parte izan, eta nahiz eta inplikatutako presoak, ETAren erabateko desarmea eta desegitea eragin duen bake prozesuan sartzen diren», azaldu du Funosasek.

Jakes Esnal, Jon Kepa Parot, Frederic Haranburu Xistor, Josu Urrutikoetxea, Ibon Fernandez Iradi eta Juan Krux Maiza Artola dira sei presoak. Bereziki aipatu dute Urrutikoetxearen kasua, bera dagoen Parisko La Sante presondegian koronabirusak kutsatu dituen zaindari eta presoak egon direla kontuan hartuta. Espetxeko mediku buruak alerta bat ezarri zuen martxan, eta Urrutikoetxearen kartzeleratzea bertan behera uzteko gomendatu zuen.

«Bakartuak, urrunduak, bisitarik gabe konfinamendu garaitik, COVID-19aren esparruan gomendaturiko neurrietatik kanpo, hau da osasun krisi honek nabarmendu duen errealitate tristea», salatu dute ordezkaritzako kideek. Patxi Ruizen egoera horren isla dela, adierazi dute. «Berriz ere, alarma jotzera garamatza: salbuespeneko neurriak aplikatzea, kartzelatzearen edo urruntzearen baldintzek, edo irteera perspektibarik ez izateak, muturreko zein itzulezineko egoeren iturburu baizik ezin dira izan».

Jakes Esnal, ekainaren 25ean

Jakes Esnalen kasua ere aipagai izan dute. 70 urte betetzear da euskal presoa, eta 30 urte bete ditu preso apirilean. Maiatzaren 12an, baldintzapeko aske geratzeko eskaera onartu zion Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, baina terrorismoaren aurkako fiskaltzak helegitea ezarri zuen berehala, eta preso segitu beharko du. Ekainaren 25ean epaituko du kasua Parisko Dei Auzitegiak. Egoerak «frustrazioa» sortu badu ere, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak erabilitako argumentazioa azpimarratu dute beste behin. Fiskaltzak estatuarekin duen lotura azpimarratuta, Justizia ministerioarekin eginen duten bilkuran galdera zuzena eginen dietela erran dute: «preso horiek zigorra heriotzaraino bete behar dutela erabaki ote dute? Hala bada, ulertezina eta arriskutsua litzateke. Hala ez bada, berehala aska ditzatela».

2017ko udaberrian, Esnal, Parot eta Haranbururen zigorren kommutazio eskaera egin zieten Frantziako presidenteari Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek. Berriki eskaera hori berretsi dutela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.