Presoak

Sarek Iruñeko espetxerainoko martxa bat antolatu du ekainaren 20rako

Konfinamenduan espetxeetako egoera gogortu egin dela orotarazi du, eta Izan bidea kanpaina aurkeztu du gaur Iruñean.

Baratxurien plazan, Sarek 'Izan bidea' kanpaina aurkaztu du gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2020ko ekainaren 9a
14:22
Entzun

«Altxatzeko garaia da». Presoak etxeratzeko bidean urratsak irudikatu nahian, Nafarroako Sarek Izan bidea kanpaina aurkeztu du gaur Iruñean, Hain zuzen ere, kanpaina horretan, Sarasate pasealekutik Iruñeko espetxerainoko martxa bat egingo dute ekainaren 20an, Izan bidea, presoak etxera lelopean.

Kanpainaren berri emateko, Sarasate pasealekuan bertan aurkeztekoak ziren, Foruen monumentuan, baina Iruñeko Udalak trabak jarri dizkie. Horrenbestez, Baratxurien plazan egin dute agerraldia. 

Bertan, Mikel Mundiñanok gogora ekarri du konfinamendua ezarri zueneko alarma egoerak gogortu egin duela espetxeetako egoera, «muturreraino eramanez presoen eta senideen egoera». Orain bertan, hamazazpi presok gaixotasun larriren bat dute; bik 70 urtetik gora dituzte —65 urtetik gorakoak hamabi dira, eta 60 urtetik gorakoak, 24—. Horrez gain, hamar presotik zortzi etxetik 400 kilometro eta mila kilometro arteko distantzia urruneko espetxe batean daude. Gainera, 198 presoetatik 156 lehen graduan daude.

Egoera horri guztiari COVID-19aren ondorioz ezarritako alarma egoerak egindako «kalte gehigarriak» gehitu behar zaizkio, Mundiñanoren hitzetan. Urrunduta dauden preso horien guztien senideek ezin dute bisitarik egin, eta haur motxiladunek hiru hilabete daramate gurasoak ikusi ezinik. Horrekin batera, Mundiñanok azaldu du Julen Atxurrak garuneko isuri bat izan duela. Halaber, Frantziako Estatuak «hamaikagarren errekurtsoa» jarri du espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnal baldintzapean askatzea eragozteko, eta Josu Urrutikoetxeari ukatu egin diote aske geratzeko eskaera.

Murtzia II espetxean, Patxi Ruizek 30 egun daramatza gose greban, eta «egoera larria» dela deritzote. «Honek guztiak agerian uzten du, berriz ere, euskal presoen egoerari irtenbide bat emateko dagoen premia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.