EUSKO LEGEBILTZARRERAKO bozak

Egungo Jaurlaritzak aise gaindituko luke gehiengo osoa, Soziometroaren arabera

Jaurlaritzak berak egindako inkestaren arabera, hiru legebiltzarkide gehiago irabaziko lituzke EAJk uztailaren 12an, eta bi PSE-EEk.

Botoa prestatzeko mahai bat Bilbon, iazko azaroaren 10eko hauteskundeetan. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 11
12:32
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako boto asmoari buruzko soziometroa argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, eta, horren arabera, egun gobernua osatzen duten bi alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— aise gaindituko dute gehiengo osoaren langa, 38 legebiltzarkidekoa.

Izan ere, biek egingo dute gora uztailaren 12ko bozetan, soziometroaren arabera; EAJk 28 izan ditu azken legealdian, eta baliteke 31ra heltzea hilabete barruko hauteskundeetan; sozialistek, berriz, bederatzi izan dituzte azken lau urteetan, baina baliteke 11 lortzea; hortaz, bien artean 42 legebiltzarkide lituzkete, gobernu koalizioari eutsi nahi izanez gero.

Gora egiten duen bestea oposizioko lehen alderdia da; EH Bilduk hemezortzi ordezkari eskuratu zituen 2016an, eta orain beste bat eskura lezake.

Hiru alderdiek Elkarrekin Podemosen eta PP+C's-en kontura egingo lukete gora; ezkerreko koalizioak hiru ordezkari galduko lituzke, 11tik zortzira jaitsita, eta gauza bera gertatuko litzaioke eskuineko koalizioari, bederatzitik seira murriztuta.

EAJ, hiru herrialdeetan nagusi

Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan, indar politiko guztiak berdin egongo lirateke sailkatuta handienetik txikienera; jeltzaleak lirateke lehen indarra, EH Bildu bigarrena, PSE-EE hirugarrena, Elkarrekin Podemos laugarrena eta PP+C's bosgarrena. Salbuespena Araba da; herrialde horretan, PP Elkarrekin Podemosen aurretik legoke. Voxek ez luke ordezkaririk lortuko ezein lurraldetan. Hiru lurraldeetarako aurreikuspena da hamar hautesletik lau abstenitu egingo direla.

Inkesta ekainaren 1etik 6ra bitartean egin zuten, 1.500 pertsona elkarrizketatuta; 400 Araban, 650 Bizkaian eta 450 Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.