Hilaren 21ean irekiko dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga

Pedro Sanchezek hala iragarri die autonomia erkidegoetako presidenteei, azken telebileran. Derrigorrezko bi asteko berrogeialdia kenduko dute.

Irun eta Hendaia arteko muga, apirila erdian. GUILLAUME FAUVEAU
Jon Ordoñez Garmendia - Andoni Imaz
2020ko ekainaren 14a
11:22
Entzun

Pedro Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteei aurreratu dienez, Espainiako Gobernuak hilaren 21ean irekiko ditu mugak Schengen eremuan dauden herrialdeekin. Ondorioz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga gaur zortzi irekiko da, eta alde bateko eta besteko euskal herritarrek lanerako ez den beste zeregin batzuetarako zeharkatu ahal izango dute. Sanchezek argudiatu du koronabirusaren eboluzioa ona dela, eta ekainaren 21etik aurrera ez dela egin beharko derrigorrezko bi asteko berrogeialdia.

Alarma egoera ezarri eta mugak itxi zirenetik, erabat eten dira zenbait eremutan mugaz besteko joan-etorriak. Horregatik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekitzeko hainbat eskari izan dira. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko prefetak hala eskatu zieten Pedro Sanchezi eta Edouard Philipperi.

Jose Luis Santano Irungo alkateak Euskadi Irratian esan du berri ona dela hori, mugaz bi aldeetan bizi eta lan egiten duten bizilagun asko baitaude. Zehaztu du, gainera, mugaren itxierak zailtasun ekonomiko handiak eragin dituela zerbitzu eta denda askotan.

Joan den astean, Urkulluk gaurko jarri zituen helburu erkidegoen arteko eta mugaren bi aldeen arteko joan-etorriak. Maria Txibitek esan zuen alarma egoeratik atera gabe ere ontzat joko zukeela mugak irekitzea, betiere osasun egoerak modua ematen badu. Pedro Sanchezek, ordea, beharrezkotzat jo zuen alarma egoera indargabetzea erkidego arteko joan-etorriak planteatzeko.

Azken telebilera

Gaur dute azken telebilera Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek Sanchezekin. Ohikoak izan dira alarma egoera ezarri zenetik, eta hirugarren fasea amaitzean bukatuko dira. Espainiako Gobernuko presidenteak, hala ere, esan du uztailaren amaieran beste bat egin nahi duela, baina, orduko horretan, presentziala. Tartean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira Euskal Herrian.

Talde komunitarioko estatu kide batzuk hasi dira barne mugak zabaltzen, eta gehienek horretarako egun bat dute begiz joa: bihar. Espainiak, baina, hilaren 21ean egingo du. Uztailaren 1ean EBko kanpo mugak zabaltzen hastea da asmoa.

Datorren ikasturteari begira

Sanchezek hitz egin du irailean hasiko den ikasturteaz ere. Nabarmendu du ikasgelak «inguru segurua eta osasungarria» izango direla, eta Osasun eta Hezkuntza ministerioek autonomia erkidegoekin elkarlanean antolatuko dutela eskolarako itzulera. Hezkuntza zentro bakoitzak arrisku plan bat egin beharko du; «edozer gorabehera gertatuta ere», arduradun bat izango du koronabirusarekin lotuta egon daitezkeen kasuak aztertzeko, eta talde bat informazioa emateko eta gomendioak betearazteko.

Haur Hezkuntzan, hamabost ikasleko taldeak egiteko gomendatu dute; hogeikoak, gehienez ere. Beste mailetan, metro eta erdiko tartea utzi beharko dute ikasleen artean. Maskara janztea nahitaezkoa izango da Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik aurrera.

Autogintzari eta turismoari laguntza

Bestalde, Sanchezek gaur aurkeztuko du automobilgintzaren sektorea suspertzeko laguntza bat, 3.750 milioi eurokoa, ibilgailu parkea berritzeko eta trantsizio ekologikoa sustatzeko.

Gainera, datorren ostegunean turismoa sustatzeko plan bat aurkeztuko du Espainiako Gobernuak, sektoreko ordezkariekin prestatu dutena, autonomia erkidegoekin adostuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.