EUSKO LEGEBILTZARRERAKO bozak

Gehiengo absolutua lor lezake egungo Jaurlaritzak, Eitb Focusen arabera

Inkestak iragarri du EAJ egungo 28 ordezkarietatik 32ra igoko dela, eta haren bazkidea, PSE-EE, bederatzitik 11ra.

Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia, 2018an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 24a
14:16
Entzun

Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdi politikoek aise gaindituko dute gehiengo absolutua ematen duen 38 ordezkariren langa, Eitb Focus inkestaren arabera: 43 eserleku bien artean. Jeltzaleei eman die hazkunderik handiena inkestak; egun baino lau legebiltzarkide gehiago eskuratu litzake EAJk (botoen %41,7), eta bi gehiago sozialistek (%14,4).

EH Bilduk ere 2016ko emaitza hobetu lezake, duela lau urteko hemezortzi ordezkariei bat gehituta (%22,6). Hiru indarrek Elkarrekin Podemosen eta PP+C's koalizioaren kontura egingo lukete gora, inkestak dioena betez gero; ezkerreko koalizioak zortzi legebiltzarkide eskuratuko lituzke (-3 ordezkari, %11,4), eta eskuineko koalizioak lau galduko lituzke, bederatzitik bostera igarota (%6,9).

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJ izango da indar nagusia, inkestaren arabera, eta EH Bildu bigarrena. Parte hartzeari dagokionez, inkestak iragarri du duela lau urteko hauteskundeetakoa baino handiagoa izango dela; %60,02 izan zen 2016an, eta %61 gaindituko du uztailaren 12an.

Gizaker etxeak egin zuen inkesta, ekainaren 17an eta 18an, 1.200 herritarri galdetuta; 400 herrialde bakoitzean.

CISen arabera, EAJ 34raino

Espainiako Ikerketa Soziologikoetarako Zentroak ere argitaratu du inkesta bat, eta, horren arabera, EAJk 31 eta 34 legebiltzarkide bitartean lortuko ditu uztailaren 12ko hauteskundeetan. EH Bildu izango da bigarren indarra, baina egungoak baino emaitza kaskarragoak lortzeko arriskuarekin: 16-18. PSE-EEk gora egingo bide du, egun dituen bederatzi ordezkarietatik 11-13ra igota, eta Elkarrekin Podemosek eutsi egin liezaioke egungo ordezkari kopuruari; are, hazi egin liteke: 11-12. PP+C's koalizioak kolpea hartuko du, inkestak dioenez: egun PPk dituen bederatzi ordezkarietatik 3-6ra. Voxi ez dio ordezkaririk iragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.