Herriko bozen bigarren itzuliko emaitzak, BERRIAn

BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek hauteskunde gauaren berri emateko emaitzen taula, mapa eta lau orduko telebista saioa prestatu dituzte, 18:30etik aurrera.

jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 26a
12:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igande honetan egingo da Ipar Euskal Herriko herriko bozen bigarren itzulia. Martxoaren 22an egitekoa zen, baina osasun larrialdiaren ondorioz bertan behera geratu zen. Hemezortzi herri eta hiritan bozkatuko dute herritarrek bigarrengoz, eta BERRIAk emaitzak guztiak jaso eta eskainiko ditu webgunean, lehen itzulikoekin batera. Bozen datuak eta hautetsiak nortzuk izango diren erakusteaz gain, lehen itzulian egin bezala, mapa batean erraz ikusi ahal izango da zer herritan aldatuko duten auzapeza.

Lehen itzulian bezala, elkarlanean prestatu dute bozetako gaualdia BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek: Euskal Irratiak, Kanaldude, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria eta Kazeta.eus. Emaitzen taulaz eta mapaz gain, telebista saio bat antolatu dute 18:30etik aurrera gaualdiaz aritzeko. Kanalduden eta BERRIAren eta beste euskal hedabideen webguneetan ikusteaz gain, Euskal Irratietan ere antzun ahal izango da.

Platoa Urruñan egongo da. Saioa Pantxika Maitia Kanaldudeko animatzaileak zuzenduko du, eta harekin izango dira Kristof Arotzarena (Euskal Irratiak) eta Ekhi Erremundegi (BERRIA-Hitza) analista lanetan, eta Pepe Aizpurua (Euskal Irratiak) gonbidatuak elkarrizketatzen, tartean alkate hautatu berriak. Horiez gain, bozkatu behar duten herri eta hirietan izango dira hainbat lankide ere, herrietatik ihardokitzeak bildu eta zuzenean emateko saioan. Denera 30 bat lankide mobilizatuko dira Iparraldeko euskal hedabideen saio horretarako. Teknikan eta errealizazio eta kazetarien koordinazio lanetan dozena bat pertsona ariko dira.

Saioak bi zati izango ditu. Lehenenegoan, lehen itzuliko emaitzak oroitaraziko dituzte, lurralde eremuka, eta herri eta hirietan dauden kazetariek hitza hartzeko txanda bat egingo dute. Emaitzak jaso ahala, platoan aztertuko dituzte, eta herri eta hirietan auzapezei emango diete hitza. Saioaren bigarren zatian, 21:00etatik aurrera, datorren agintaldiaz mintzatuko dira, eta tartean Euskal Elkargoaren osaera berriari erreparatuko diote. 22:30ak inguruan amaituko da lau orduko saio bete eta dinamikoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.