Noiz sortua: 2020-06-28 21:22:01

Herrietako bozak

Abertzaleak nagusi Itsasun

Tinki. Hamabost bozengatik eskuratu dute herriko etxea abertzaleek Itsasun, lehen itzuliko emaitza irauliz. Jean-Paul Iturburua orain arteko Roger Gamoy auzapezaren axuant eta segidari nagusitu zaio Mikel Hiribarren laborari abertzalearen Herriari zerrenda, eta udaletxeko giderrak hartuko ditu.

Mikel Hiribarren
Mikel Hiribarren Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku -

2020ko ekainak 28

Mikel Hiribarren ELBko laborari abertzale ezaguna izango da Itsasuko auzapez berria. Lehen itzulian lehen atera zena, Jean-Paul Iturburua, bigarren tokian gelditu da. Eta aise gibelago gelditu da Louis Ustarrotzen hirugarren zerrenda, zeinak ez baitzuen batu nahi izan Hiribarrenen zerrendarekin bigarren itzulirako. Hiribarren pozik agertu da emaitzarekin, nahiz bozen estutasunaz arras kontziente agertu: “Diferentzia gauza guttik egin du; guk irabazteko behar izan da egin dugun proiektu lantu hori, talde motibatu bat, etxez etxe ibiltzea, kanpaina lan hori guzia. Hamabost tanto biziki guti da: dena behar izan da. Baina irabaztea da konta; erran nahi du herritarrek konfiantza ematen badigute ere konprenitzen dugula bertze zerrenden lekua kontuan hartu behar dugula”.

Itsasuko bizilagun Mikel Barrios ere izan du gogoan igande gau honetako ihardukitzean, astelehenean preso joan beharko baita Barrios. “Botere publikoen dorpetasunak behartzen dute presondegirat, eta zuzentasunaren kontrako erabakia dela badakigu, politika ikuspegi dorpe baten emaitza. Gure hautetsi aulki hauetarik nahi diogu adierazi elkartasun osoa Mikeli”, erran du Hiribarrenek.

Herriari zerrenda abertzaleak hamalau hautetsi izanen ditu ondoko sei urteetan. Iturburuarenak, berriz, lau, eta Ustarrotzek bakarra. Horrez gain, Euskal Elkargora bere ordezkaria igorriko du Herriari-k. Dudarik gabe, hirigintzak leku berezia izanen du guztiz tiran den Errobi eremuko herriko ordezkariak lanen artean, baita euskara ere. Mikel Hiribarrenen zerrendak Europako hizkuntza gutituen itunaren betearazteko bide bat jorratu du kanpaina denboran, obratu nahiko duena agintaldi denboran.

 

Uztaritzen, berriro Karrere

Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezaren zerrendak irabazi du Lapurdiko hiri historikoan, bozen %51,21ekin. Aski gibel utzi ditu Bruno Cendre eta Jean-Claude Saint-Jeanen beste zerrendak. Berretsi du, beraz, duela sei urteko garaipena Uztaritze Bai zerrendak. Ez du iduri agintaldi denboran izan zituen barne zatiketak eta hautetsien dimititzeak kalte egin diotenik. Karrerek, garaipenaren ondotik, adierazi du trantsizio ekologikoa izanen dutela ardatz nagusia ondoko sei urteetan: “Trantsizio ekologikoa da hartu dugun lehentasuna. Eta Uztaritze mailan ere auzoak indarberritzea izanen da. Egitasmo anitz baditugu programan, eta martxan jarriko ditugu”.

Lapurdi barnealdeko Errobiko eremuan, Itsasuren garaipen berriarekin, abertzaleek indar gehiago izanen dute, hain segur Euskal Elkargoan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna