Herrietako bozak

Elkargoko lehendakariak Baionako aginte makilari eutsi dio

Etxegarai alde aski handiarekin nagusitu zaio arerio bakarrari, Henri Etxetori.

Jean Rene Etxegarai garaipena ospatzen. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2020ko ekainaren 28a
22:13
Entzun

Duela sei urte, 26 bozen aldea zuten bigarren itzulian Etxegarai zentro eskuinekoak eta Etxeto sozialistak. Aldi honetan, 1.027 bozen aldea atera dio Etxegaraik (%53,8) Etxetori (%46,2), eta auzapez karguan egoteko aukera du. Emaitza tinkia espero zen, baina, Mathieu Berge juntaturik ere, Etxetok ez du erdietsi auzapezgora heltzeko zuen xedea.

Zaila da erratea Baiona Berde eta Elkarkidea zerrendako bozak nola banatu diren (doi-doietarik erabaki zuen Etxetorekin ez joatea). Hain segur, bi hautagaiek ukan dituzte zerrenda zatituko batzuen eta besteenak.

Pentsa daiteke Etxagarai izanen dela Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagai nagusia, hots, orain arte kargu hori eraman duen bera. 2017an sortu zelarik, Ipar Euskal Herriko auzapezen itzulia eginik lortu zuen gehiengoa lehendakari izateko. Ikusi beharko da, haatik, Baionako alkatetzaren eta Elkargoko buruzagitzaren artean hautua eginen duenetz; izan ere, anitz kritika egin zaio bi karguak batera eramateari buruz Etxegarairi.

Elkargoko lehendakaritzarako, gainera, kontrako hautagaiak ager dakizkioke: azken egun hauetan, Alain Iriart Hiriburuko auzapezak jakinarazi du lanean hasia zela hautetsiak ikusiz lehendakari postuari begira. Kritika gogorrak egin zizkion, gainera, Etxegarairen kudeatzeko moldeari. Bizkitartean, ikusi beharko da hautagaitza hori atxikiko duen orain, Etxegaraik Baionan berriz irabazi ondoren.

Azpimarratu behar da, halere, abstentzio handia izan dela Baionan bigarren itzulian: %56,57.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.