Eskuin muturra

Alemaniako eliteko komandoa desegin dute «partzialki», hainbat kidek eskuin muturrarekin zuten loturarengatik

Annegret Kramp-Karrenbauer Alemaniako Defentsa ministroak azaldu du kide horiek aginte katetik «independente» bihurtu zirela, «lidergo kultura toxiko» bati jarraituta.

Annegret Kramp-Karrenbauer Alemaniko Defentsa ministroa, Alemaniako armadako brigada bat bisitatzen, artxiboko irudi batean. FILIP SINGER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 30a
21:00
Entzun

Alemaniako KSK Indar Berezien Komandoa «partzialki» desegin du herrialdeko gobernuak, hainbat kidek eskuin muturrarekin zuten loturarengatik. Kramp-Karrenbauerrek adierazi duenez, elite komandoak «ezin zuen existitzen jarraitu» egungo moduan. Hala ere, baztertu egin ditu komandoa osorik desegiteko eskariak, Alemaniak indar bereziak beharrezko dituela iritzita.

«Konstituzioarekiko leialtasun faltagatik, Inperioko Herritarrak [eskuin muturreko] mugimenduarekiko gertutasunagatik edota eskuin muturreko zuten sentimenduagatik nahiz ideologia hori babesteagatik, guztiek kalte izugarria egin diote KSKren eta Bundeswehren [Alemaniako armadaren] izen onari», salatu du Defentsa ministroak.

KSK «terrorismoaren» kontrako operazio militar egiteaz arduratzen da. Bereziki, Ekialde Hurbilean eta Balkanetan aritzen da, eta Alemaniako armadatik aukeratu ohi ditu bere kideak.

Alemaniako armadan eskuin muturreko 500 kide baino gehiago daudela argitaratu zuten urte hasieran herrialdeko zenbait hedabidek. Eskuin muturreko kideen pisua KSKn bereziki handia zela zioten.

Alemaniako Barne ministro Horst Seehoferrek joan den maiatzean jakinarazi zuenez, arrazoi politikoek eragindako delituak %14,2 hazi ziren herrialdean 2019an, aurreko urteko datuekin alderatuta, eta horietatik erdiak baino gehiago eskuin muturrarekin lotutako erasoak izan ziren.

Seehoferrek azaldu zuen inteligentzia zerbitzuek AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko taldea ikertzeko jarduna areagotu zutela iaz. Bereziki, alderdiaren gazte mugimenduari egin diote jarraipena. AfD oposizioko indar handiena da egun Alemanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.