Industria

Industriaren jarduera zertxobait suspertu da maiatzean

Iaz baino %27,8 gutxiago ekoitzi dute maiatzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek, baina apirilean baino %16,5 gehiago.

Apirilaren 27an itzuli ziren lanera Mercedesen, segurtasun neurriekin. EFE
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 2a
11:34
Entzun

Beheranzko joera eten du industriak maiatzean. Konfinamenduaren faserik gogorrena amaituta, Aste Santuaren ondoren progresiboki irekitzen hasi ziren industria handiak eta tailer txikiak, eta maiatzerako gehien-gehienak lanean ziren berriro, ohikoa baino jardun txikiagoarekin bada ere.

Eustatek gaur zabaldutako datuetan argi ikusten da berriro martxan jarri dela industrian. Apirilean, aurreko urtean baino %39 txikitu zen industria jarduera; maiatzean, erorikoa %27,8 izan zen.

Apiriletik maiatzera, berriz, %16,5 handitu zen. Araban kopuru hori %27ra handitu da, ziur aski lurraldeko bi enpresa nagusiak (Mercedes eta Michelin) erabat itxita izan zirelako konfinamenduan zehar, eta jarduera gehiagok eutsi ziolako aste horietan Bizkaian (+%13,7) eta Gipuzkoan (+%14). Berez, bi lurralde horietan txikitu da gutxiago ekoizpena urte batetik bestera.

Pentsatzekoa denez, ekainean oraindik ere datu negatiboak emango ditu industriak, baina txikiagoa izango da erorikoa.

Sektore guztietan txikitu da jarduera azken urtean, baina nagusiki kautxuetan eta plastikoetan (-%46,6), metalurgian (-%42,1) eta garraio materialetan (-%35,6). Arinagoa izan da erorikoa energia sektorean (-%11,7), paperean eta arte grafikoetan (-%20,1) eta elikadura eta edari industrian (-%21,6).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.