Beheranzko joera eten du industriak maiatzean. Konfinamenduaren faserik gogorrena amaituta, Aste Santuaren ondoren progresiboki irekitzen hasi ziren industria handiak eta tailer txikiak, eta maiatzerako gehien-gehienak lanean ziren berriro, ohikoa baino jardun txikiagoarekin bada ere.
Eustatek gaur zabaldutako datuetan argi ikusten da berriro martxan jarri dela industrian. Apirilean, aurreko urtean baino %39 txikitu zen industria jarduera; maiatzean, erorikoa %27,8 izan zen.
Apiriletik maiatzera, berriz, %16,5 handitu zen. Araban kopuru hori %27ra handitu da, ziur aski lurraldeko bi enpresa nagusiak (Mercedes eta Michelin) erabat itxita izan zirelako konfinamenduan zehar, eta jarduera gehiagok eutsi ziolako aste horietan Bizkaian (+%13,7) eta Gipuzkoan (+%14). Berez, bi lurralde horietan txikitu da gutxiago ekoizpena urte batetik bestera.
Pentsatzekoa denez, ekainean oraindik ere datu negatiboak emango ditu industriak, baina txikiagoa izango da erorikoa.
Sektore guztietan txikitu da jarduera azken urtean, baina nagusiki kautxuetan eta plastikoetan (-%46,6), metalurgian (-%42,1) eta garraio materialetan (-%35,6). Arinagoa izan da erorikoa energia sektorean (-%11,7), paperean eta arte grafikoetan (-%20,1) eta elikadura eta edari industrian (-%21,6).