Bizkaiko azken ordezkaria irabazi du PP+C's-ek, EH Bilduren kaltetan

Igandeko kontaketan 103 boto gutxiago eman zizkioten PP-C's-ri. EAJk 31 legebiltzarkide izango ditu; EH Bilduk, 21; PSE-EEk, hamar; Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C's-ek, seina; eta Voxek, bat.

jon olano
2020ko uztailaren 17a
12:26
Entzun

Gaur zenbatu dituzte Espainiako Estatutik kanpoko EAEko herritarren botoak, eta igandeko bozetan helegitea aurkeztutako mahaietako botoak ere bai. Igandeko hauteskundeetako emaitzen arabera, estua izan zen Bizkaiko 25. ordezkaria eskuratzeko lehia; EH Bildurentzat izan zen. Gaur, ordea, PP+C's koalizioak eskuratu du. Luis Gordillok (PP-C'-s) hartuko du aulki hori, Diana Urrearen (EH Bildu) kaltetan.

Gaur batzartu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeak, Espainiako Estatutik kanpo ailegatutako botoen botoak zenbatzeko. Estatutik kanpoko botoen zenbaketan, Bizkaian  309 izan dira EAJrentzat, 180 EH Bildurentzat, 158 PSE-EErentzat, 113 Elkarrekin Podemos-IUrentzat, 127 PP+C's-entzat, 40 Equorentzat eta 30 Voxentzat. Igandeko hiru hauteskunde mahaitan aldaketak izan dira: gaur baieztatu da PP-C's-i mahai batean 100 boto gutxiago eman zizkiotela eta beste batean hiru gutxiago, eta EH Bilduri beste batean hamar gehiago. Hala, EH Bilduk aulki bat galdu du Bizkaian, eta PP-Cs-wk bat irabazi. 

Hori horrela, Eusko Legebiltzarrean 31 eserleku izango ditu EAJk (duela lau urte baino hiru gehiago), EH Bilduk 21 (+3), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemosek 6 (-5), PP-C's-k 6 (-3) eta Voxek 1 (+1). 38 emakumek eta 37 gizonek osatuko dute legebiltzarra.

EAJ-PSE gobernu koalizioak jarraituko duela badirudi ere, ezkerreko hiru indarrek 37 eserleku izango dituzte; gehiengo absoluturako baten faltan geratuko dira. Gaur, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du jeltzaleen eta sozialisten arteko gobernu bat ez dela aukera bakarra. Datorren astelehenean bilduko dira bi alderdiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.