Eusko Legebiltzarrerako bozak

EAJk eta PSEk irail hasierarako eratu nahi dute «Jaurlaritza sendo eta egonkorra»

Bi alderdiek hauteskundeen ondorengo lehen bilera egin dute, Bilbon. «Diagnosi bera» egin dute lehentasunen inguruan.

Idoia Mendia eta Miguel Angel Morales PSEko kideak eta Joseba Aurrekoetxea, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu EAJkoak, gaur, Bilbon. BERRIA
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 20a
14:58
Entzun

EAJren eta PSE-EEren ordezkaritzak Bilbon batzartu dira gaur eguerdian, eta, bien ohar bateratu eta laburrak dakarrenez, ondorioztatu dute «diagnosi bera» egin dutela EAEko hurrengo legealdira begira dituzten lehentasunen inguruan, eta biek egoki jotzen dutela «albait arinen pandemiatik ateratzeko lana gidatuko duen Jaurlaritza sendo eta egonkorra eratzeko beharra» dagoela. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak bileraren ostean hedabideen aurrean zehaztu du irailaren hasierarako izan nahi dutela eratua Jaurlaritza, eta gobernu «indartsua eta egonkorra» izatea nahi dutela. Bi taldeek gehiengo osoa izango dute Eusko Legebiltzarrean, EAJk 31 aulki atera baitzituen uztailaren 12ko hauteskundeetan, eta PSE-EEk, hamar. Aurreko legealdian ere elkarrekin gobernatu zuten, baina gutxiengoan (EAJk, 28 aulki; PSE-EEk, bederatzi).

Elkarri hitzeman diote harremanetan jarraituko dutela eta elkarren artean proposamenak trukatuko dituztela, «bien artean adostu beharko den gobernu egitasmoaren ardatzak erabakitzeko eta akordio batek ekarri beharko duen lankidetzaren oinarriak ezartzeko». Orain talde teknikoak sortuko dituzte, legealdirako gobernu programa lantzen hasteko, Mendiak azaldu duenez. Haren esanetan, epe ertain-luzeko ikuspegia ere izan nahi dute, «pandemiak krisia eta egoera ekonomiko larria utzi baititu».

Oharraren arabera, urte politiko berrian Jaurlaritzak neurriak hartu beharko ditu osasunaren arloan datozen hilabeteetan, baita «susperraldi» ekonomikoari eta enplegua sortzeari laguntzeko neurriak ere. Alderdi sozialistako buruak hedabideei esan die bi ordezkaritzak bat datozela gaurko egoera sozialaren eta ekonomikoaren inguruan, eta gaineratu du bere taldearen lehentasunak izango direla ekinbide ekonomikoak eta enplegua sustatzea, sare soziala indartzea eta osasun sistema bermatzea.

Gobernu programa adostu ostean hitz egingo dute gobernuaren osaeraz. Azkeneko legealdian, Lehendakaritza izateaz gain, zortzi sail izan ditu EAJk, eta PSE-EEk hiru. Mendiak gaur ere esan du aukera bat dela akordio parlamentarioa lortzea; hartara, bere taldea gobernutik kanpo geratuko litzateke. Ez du indar handirik aukera horrek, eta ikusgai dago Mendia bera, aurrekoan ez bezala, kontseilari izango den.

EAJri dagokionez, bileran Andoni Ortuzar EBBko burua, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta alderdi jeltzalearen lehendakarigaia, eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolaketa idazkaria izan dira. PSE-EEri dagokionez, Mendia eta Miguel Angel Morales Antolaketa idazkaria. Ordu eta erdi iraun du batzarrak; hauteskunde osteko lehena izan dute. Sabin Etxean elkartu dira, EAJren egoitza nagusian.

Beste taldeei dagokienez, EH Bilduk 21 legebiltzarkide lortu zituen bozetan; Elkarrekin Podemosek, sei; PP-C's-ek, sei; eta Voxek, bat. 

75 legebiltzarkideek abuztuaren 8ra arteko epea izango dute akreditazioa jasotzeko, eta Eusko Legebiltzarra, lehen aldiz, abuztuan bertan eratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.